Gizartea -

Lehen urteurrena

Bartzelonak A17ko biktimak omendu ditu ekitaldi hunkigarri batean

Ekitaldia errespetuzko isilunean burutu dute, eta musikak, poesiak eta txaloek soilik hautsi dute. 12 herrialdetako 150 biktimak eta senidek hartu dute parte bertan.

Bartzelona eta Cambrilsko atentatueetako biktimei omenaldia egin diete. EFE
Bartzelona eta Cambrilsko atentatueetako biktimei omenaldia egin diete. EFE
Musikarekin eta poesiarekin omendu ditu Bartzelonak A17ko biktimak

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bartzelonak A17ko atentatuetako biktimak omendu ditu ostiral honetan, ekitaldi instituzional hunkigarri batean, Catalunya plazan, erregeak eta hainbat agintari bertan zirela. Ekitaldia errespetuzko isilunean burutu dute, eta musikak, poesiak eta txaloek soilik hautsi dute.

Ekitaldia 10:30ean hasi dute, Bartzelonako Catalunya plazan, "El cant dels ocells” (Txorien kantua) abestuz. Felipe VI.a Espainiako erregea, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, Ada Colau Bartzelonako alkatea eta Quim Torra Generalitateko presidentea izan dira bertan.

Ehunka pertsona bildu dira plazan, Bartzelona eta Cambrilsko atentatuetako lehen urteurrenean. 16 pertsona hil eta ehunka zauritu ziren. Gemma Nierga kazetariak gidatu du ekitaldia, eta ez da hizketaldi ofizialik izan, erasoen biktimei eta haien senideei eman nahi izan dietelako protagonismoa.

"Bartzelona, bake hiria" lelopean, Kataluniako hiriburuko Udalak antolatu du ekitaldia, eta 12 herrialdetako 150 biktimak eta senidek hartu dute parte, Udalak emandako datuen arabera.

"Larrialdi zerbitzuak eta segurtasun gorpuak aintzatesteko ekitaldia ere bada, haien lan eta esfortzu eredugarriagatik", adierazi du Niergak. Halaber, A17ko erasoan "beldurra, samina eta nahasmena" sentitu eta "laguntzen eta babesten saiatu" ziren herritarrentzako oroimena direla gaineratu du.

BARCELONA 17A OMENALDIA EFe

BARCELONA 17A OMENALDIA EFe

Bartzelonako ekitaldi instituzionalaren irudi orokorra. EFE

Biktimak babestu zituzten bizilagunen "ontasuna" nabarmendu du Niergak, "zibilizazio eta herritartasun kontzeptua definitzen du". "Nire bizilagunei pasatzen zaienak niri ere eragiten nau, nire erantzukizuna ere bada”, esan du.

Gero, John Donneren "Espero gabeko egoerei buruzko debozioa" olerkia irakurri dute zortzi hizkuntzatan (katalanez, gaztelaniaz, portugesez, frantsesez, italieraz, alemanez eta nederlanderaz), erlijio ezberdinak dituzten zortzi gaztek.

Ekitaldia amaitzean, bertaratu diren pertsona batzuek "No tinc por" (Ez dut beldurrik) oihukatu dute.

Lore-eskaintza

Halaber, iazko abuztuaren 17ko biktimen 50 bat senidek lore-eskaintza egin dute Bartzelonan, Rambla pasealekuko Miroren mosaikoan. Besteak beste, Ada Colau alkatea, Quim Torra Generalitateko presidentea, Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea eta Teresa Cunirrela Kataluniako Gobernuko ordezkaria izan dituzte lagun, bigarren maila batean.

Senideak izan dira martxan buru, Udaletik irten dira, eta Ferran kaletik iritsi dira Rambla pasealekura. 10:00etan jarri dituzte lore-sortak mosaiko gainean jarritako loreontzi handietan.

Senideek, hunkituta, isilik egin dute lore-eskaintza; bertaratu diren herritarren txaloek hautsi dute hasieran. Agintariek ere loreak jarri dituzte geroago.

Urkulluk Euskadiren elkartasuna helarazi du

Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariak Euskadiren "elkartasun" sentimendua helarazi die Bartzelonako eta Cambrilsko atentatuetako biktimei sare sozialen bidez.

"Duela urtebeteko biktimen senide guztiei gure oroimena eta elkartasuna, baita pairatu zuen pertsona guztiei ere", idatzi du lehendakariak.

Lehendakariaren hitzetan, atentatuetako lekuak gaur egun "bake, bizikidetza eta giza eskubideen" kulturaren konpromisoa partekatzeko gunea dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Bartzelona Atentatuak Gizartea Jihadismoa Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimen Azken Ordukoa