Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Gizon bat atxilotu dute Abadiñon, bikotekideari atzamar zati bat moztea leporatuta
Erasoa Astola auzoan izan zen, herritarrek barbakoak egiteko erabili ohi duten atsedenleku batean. Horren berri izandakoan bertara joan ziren ertzainek topatu zuten emakumearen atzamar zatia.
Agentziak | Erredakzioa
27 urteko gizon bat atxilotu dute astearte honetan Abadiñon (Bizkaia), bikotekideari atzamar batean kosk egin eta zati bat moztea leporatuta. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, emakumea Galdakaoko Ospitalera eraman dute.
Ertzaintzak 02:00ak aldera jaso zuen Abadiñoko Astola auzoan izandako erasoaren berri, dei baten bidez. Ertzaintzaren patruila bat bertaratu zen, eta emakumea ondoezik zegoela ikusita, anbulantzia bat eskatu zuten.
Geroago, gertatutakoaren berri izandakoan bertara joan ziren ertzainek topatu zuten atzamar zatia, herritarrek barbakoak egiteko erabili ohi duten atsedenleku batean, eta medikuei eman zieten. Emakumea anbulantziaz eraman zuten Galdakaoko Ospitalera.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.