Gizartea -
Abuztuaren 2an izan zen
Badian Bizi plataformak salaketa jarri du Pasaiako portuko suteagatik
Taldearen iritziz, baliteke osasun publikoaren aurkako delitua egotea; sutea hilaren 2an izan zen.
Agentziak | Erredakzioa
Badian Bizi! Pasaiako badiaren inguruan bizi diren lagunen plataformak salaketa jarri du astearte honetan, Pasaiako portuan abuztuaren 2an izandako txatar-suteagatik; izan ere, osasun publikoaren aurkako delitua egon liteke, taldearen iritziz. Gipuzkoako Ingurumenaren Fiskaltzaren aurrean aurkeztu du salaketa, Donostiako Justizia Jauregian.
Plataformako hainbat ordezkarik prentsaurrekoa eman dute; azaldu dutenez, Pasaia, Lezo, Errenteria edo Trintxerpeko herritarrak "kezkatuta" daude, egun hartan "alarma egon zelako; izan ere, bazirudien aire hura arnastea arriskutsua zela. Baina, orain arte, ez dugu agintarien daturik, eta ez dakigu zer isuri zuten atmosferara eta uretara".
Ildo horretan, Karmen Clemente koordinakundeko bozeramaileak zehaztu du Lezon neurgailu bat dagoela, "eta horrek egun horretako grafiko bat ematen du; adierazten duenez, atmosferako partikulak, egun hartan, onarturik daudenen hirukoitza da". Clementeren esanetan, "hori ez da berria".
"Herritarrok beti egoten gara taladrinako usainarekin, batzuetan urdailean ondoezik egoten gara, soinu-kutsadura oso handia da, eta aldamenean iragazkirik gabeko tximinia dugu; horrek guztiak kezkatu egiten gaitu", salatu du.
"Ez dakigu nolako eragina izan duen"
Gainera, jakinarazi duenez, hilaren 2an 2.000 tona txatar erre ziren, eta 21.000 litro itsasoko ur erabili zuten sutea itzaltzea xede: "Ura aurreko tratamendurik gabe bueltatu zen badiara, eta ez zuten prebentzio-neurririk hartu; adibidez, ez zuten debekatu bainua hartzea, edo arrantza egitea". Halaber, adierazi du ez dakitela nolako eragina izan duen suteak inguruan lantzen dituzten lurretan.
Clementek azpimarratu duenez, herritarrek ez dakite sutea zerk eragin zuen: "Zanpatutako hainbat auto erre omen ziren, hala esan digute, baina ez dakigu hor txatarra edo kaltegarria izan litekeen beste hondakinen bat erre ote den", esan du. Galdetu du ea nola lekualdatu zituzten suteak sortutako hondakinak, eta zer egingo duten horiekin.
Horregatik guztiagatik, Badian Bizi! plataformak galdegin du ikerketa abiatzea, jakiteko zer isuri den atmosferara, eta osasun publikoaren eta ingurumenaren aurkako deliturik dagoen: "Ikerketa amaituta, nahi dugu neurri zuzentzaileak ezartzea, dagokionari", nabarmendu dute.

"Ez dakigu arduraduna nor den, uste dugu portuko agintea eta bertan lan egiten duten enpresak, baina Pasaiako Portuko Agintepean daude, eta administrazioek ere zer esana izango dute", nabarmendu du; aurreratu ere aurreratu du Pasaiako Portuko Agintearen arduradunekin batzartuko direla hemendik gutxira.