Gizartea -
Tabakoaren aurkako Legea
Nafarroako Gobernuak elkarte gastronomikoetan erretzea debekatu du
EAEko ostalariek sektoreari tabako-makinak kentzeko proposamena egin diote, abenduaren 2an indarrean jarri zen legearen aurrean protesta egiteko.
Erredakzioa
Autonomia Erkidegoek eta Nafarroak euren azkeneko bileran erabaki dutenez, Tabakoaren aurkako Legeak elkarte gastronomikoetan erretzea debekatzen du, kerik gabeko guneak direla uste baitute, edariak eta elikagaiak ematen diren beste edozein lokal bezala.
Maria Kutz Osasun kontseilariak hala adierazi du gaur prentsaurreko batean, Autonomia Erkidegoei eta Nafarroari jarraipena egiteko izandako bilera baten ostean. Bilera 15 egun barru egingo dute berriro.
Batzar horien bidez Tabakoaren Legearen irizpideak bateratzeko asmoa dute. Oraingoz, markesinetan eta Nafarroan horrenbesteko arrakasta duten elkarte gastronomikoetan erretzea debekatu da, legeak edaria eta elikagaiak manipulatu eta zerbitzatzen diren lokaletan erretzea debekatzen baitu.
Gainera, osasun-zentro eta ospitale inguruetan erretzea debekatuta egoteak ez du espaloietan eragiten, hortik pasatzeko gune publikotzat hartzen baitira.
Kutzek nabarmendu duenez, legea martxan izango den lehenengo hilabeteetan, Osasun Departamentuak jarraibideak eman eta sor daitezkeen zalantzak argituko ditu.
Osasun kontseilariak baieztatu duenez, Nafarroan ez dute salaketa edo zigorrik jarri Tabakoaren aurkako Legea indarrean jarri zenetik, urtarrilaren 2tik, hain zuzen ere.
Euskal ostalariek tabako-makinak kenduko dituzte
Euskal Herriko Ostalaritza Federazioak gaur 12.000 idatzi banatu ditu ostalarien artean, tabako-makinak kentzea eskatzeko, errentagarriak ez direlakoan.
Angel Gago euskal ostalarien idazkari nagusiak zehaztu duenez, ostalari batek egunean hiru eta lau euro artean irabaz ditzake 20 eta 30 pakete saltzen baditu. Taberna eta jatetxeek gastu handiei aurre egin behar diete tabako-makina bat izateagatik.