Gizartea -
Ministroen kontseilua
Igandea baino lehen amaituko da aire trafikoaren alarma-egoera
Helburuak bete dituztela uste dute, hau da, Gabonetan aireportuetako egoera normaltasunera itzuli zela eta gatazka bideratua dagoela.
Erredakzioa
Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministro eta presidenteordeak uste du bete direla aireportuetako alarma-egoerarekin bete nahi zituzten helburuak, beraz, bertan behera geratuko da larunbateko gauerdian.
Ministroen Kontseiluaren ostean emandako prentsaurrekoan Rubalcabak gogorarazi duenez, aire-kontrolatzaileak lanera joan ez zirelako hartu zuten alarma-egoera ezartzeko erabakia Gabonetan aireportuetako egoera normaltasunera itzultzeko eta gatazka bideratzeko.
"Alarma-egoerarekin Gobernuak lortu nahi zituen helburuak bete direla uste dugu", adierazi du Rubalcabak.
Presidenteordeak azpimarratu du dagoeneko elkarrizketak badaudela, eta fruituak eman dituztela. Izan ere, arbitro bat izendatu dute, egutegi bat ezarri eta otsailaren 28an sinatuko duten testuarekin arazoak amaituko direla aurreikusi du.
Horren harira, gatazkak urte asko dituela gogorarazi du, nahiz eta aitortu egoera okerrena azken hilabeteotan bizi izan dela.
Rubalcabak azaldu duenez, Gobernuko presidenteak atzo sinatu zuen alarma egoera bertan behera utzi eta aireko garraioa normaltasuna itzultzeko dekretua. Hori horrela, militarrek alde egingo dute kontrol dorreetatik.