Gizartea -

Okupazioa

Hendaiako gazteak eta Udala akordio batera iritsi dira, Sasiko gaztetxea hustu ostean

Hori lortu baino lehen, gaztetxea 09:00etan husteko hitzordu publikoa zuten gazteek, baina, aldarrikapen moduan, suhiltzaileen eraikin zaharra okupatzea erabaki dute.

Hendaiako suhiltzaileen eraikin zaharra okupatu dute gazteek. Irudia: @sasikogaztetxea
Hendaiako suhiltzaileen eraikin zaharra okupatu dute gazteek. Irudia: @sasikogaztetxea
Hendaiako suhiltzaileen eraikin zaharra okupatu dute gazteek. Irudia: @sasikogaztetxea

Euskadi Irratia | EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hendaiako Sasiko gaztetxeko 20 bat gaztek hiriko suhiltzaileen eraikin zaharra okupatu dute larunbat goiz honetan, egungo gaztetxea husteari aurrea hartuz. Halere, arratsaldean, gazteak eta Udala akordio batera iritsi dira, Euskadi Irratiak jakitera eman duenez.

Iturri berberen arabera, 18 hilabeteko epean leku finko bat jarriko diela adierazi du Udalak. Bitartean behin-behineko konponbide bat hartuko dute, eta datorren astelehenean hasiko dira bilerekin.

2016ko ekainean okupatu zuten Hendaiako Sasiko gaztetxea, Parisko Ospitalearena den eraikina, eta hainbat epaiketaren ondoren, maiatzean gaztetxea husteko agindua eman zien epaileak, hiru hilabeteko epea ezarriz.

Horren aurrean, 09:00etan eraikina husteko hitzordu publikoa jarri zuten gazteek, baina, aldarrikapen moduan, beste eraikin bat okupatzea erabaki dute, "Hendaia ez da gaztetxerik gabe geldituko" lelopean.

Sare sozialetan, Sasiko gaztetxeko kideek kanporatzea bortitza izan dela esan dute, eta alkateak indarkeriaz tratatu dituela. Halakorik izan ez dela adierazi dio Hendaiako alkateak Euskadi Irratiari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea albisteak Hendaia bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Gazteak