Gizartea -
Osasuna
Euskal herritarren % 33,4k gehiegizko pisua dute, Estatuan baino % 6 gutxiago
Gainera, 18 urtetik gorako euskal herritarren % 13k gizentasuna dute. Oro har, EAEn gizentasuna pairatzen dutenen herritar kopuruak 4 puntu egin du gora 2001az geroztik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal Autonomia Erkidegoko 18 urtetik gorako herritarren % 33,4k gehiegizko pisua dute, Osasun Ministerioak 2017an kaleratutako Osasun Sistemaren Urteko Txostenaren arabera.
Gainera, 18 urtetik gorako euskal herritarren % 13k gizentasuna dute (2014ko datuak kontuan hartuta), Estatuko tasarekin alderatuta, % 3,9 gutxiago (Estatuan herritarren % 16,9k duelako gizentasuna). Nafarroan, berriz, gizentasuna dutenen herritarren kopurua are txikiagoa da, % 11,7koa, hain zuzen ere.
Generoari erreparatuta, gizonezkoen % 14,2k dute gizentasuna, eta emakumezkoen % 11,9k.
Gauzak horrela, gizentasuna edo gehiegizko pisua dutenen tasa % 46,6koa da EAEn, Estatuan baino % 6 gutxiago. Ondorioz, tasarik txikiena duen erkidegoa Euskadi da. Horietako % 54,65 gizonezko dira, eta % 38,7, berriz, emakumezko.
Oro har, EAEn gizentasuna pairatzen dutenen herritar kopuruak 4 puntu egin du gora 2001az geroztik. Izan ere, Estatuan baino gehiago hazi da EAEn gizentasun-prebalentzia hori.