Gizartea -
Bizkaia
Gizon batek ertzain batzuei eraso die Barakaldon, edukiontzi bat irauli ostean
Bera geldiarazten ari zirela, inguruan zeuden lau ertzainei ostikoak eta ukabilkadak eman dizkie, eta horietako bati kosk egin dio, Segurtasun Sailak azaldu duenez.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak 47 urteko gizon bat atxilotu du astearte goizaldean Barakaldon (Bizkaia), kale erdian edukiontzi bat irauli ostean bertaratu diren ertzain batzuei eraso egitea leporatuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakitera eman duenez.
03:45ean SOS Deiak larrialdietarako zerbitzuak herritar baten deia jaso du, Barakaldoko Gaudi kalean ezezagun batek edukiontzi bat irauli duela ohartarazteko.
Bertaratu diren ertzainek inguruetan ikusi dute susmagarria, eta harengana zuzenduta, edukiontzia zergatik irauli duen galdetu diote; "diru-zorroaren bila" zebilela erantzun die.
Ondoren, identifikatzeko eskatu diote, baina gizonak ezetz esan, eta mehatxu egin die. Apur bat geroago, bere datuak eman dizkie, baina agenteak iraintzen jarraitu du.
Eztabaidan ari zirela, bat-batean, gizonak eraso egin dio ertzain bati, eta bertan atxilotu dute. Gizona atxilotzen ari zirela, ordea, inguruan zeuden lau ertzaini ostikoak eta ukabilkadak eman dizkie. Gainera, kosk egin dio horietako bati, Segurtasun Sailak azaldu duenez.
47 urteko gizona atxilotzea lortu dutenean, aldean atzeman diote diru-zorroa, eta bertan zuen nortasun-agiria. Halaber, auto barrura sartu eta polizia-etxera eraman duten bitartean, "oso jarrera bortitza erakutsi du" atxilotuak. Izan ere, patruila-autoaren bi ate lekutik atera ditu, kolpeka.
Atxilotuak aurrekari polizialak ditu, eta astearte goizean eraman dute epailearen aurrera.