Gizartea -

Indarkeria matxista

Gizon batek bikotekideari labana batekin eraso egin dio Gasteizen

Emakumea anbulantzian eraman dute Txagorritxuko Ospitalera, eta medikuek artatu ostean dagokion salaketa jarri du bikotekidearen aurka.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 42 urteko gizon bat atxilotu du Gasteizen, bikotekideari labana batekin eta botila batekin eraso egitea egotzita. Buruan eta bularrean zauri larriak eragin dizkio erasotzaileak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Atxilotu duten gizona etxeko balkoitik ihes egiten saiatu da, baina lehen solairutik behera erori da.

09:00ak aldera, herritar baten deia jaso du Ertzaintzak, alboko etxe batean oihuak eta kolpeak entzun dituela ohartaraziz.

Handik denbora gutxira, bi hankak zaurituta zituen gizon bat kale erdian etzanda zegoela ikusi dute lekura joan diren ertzainek.

Bitartean, bikotearen etxean sartu diren beste agenteak buruan eta bularrean zauri larriak zituen emakumea ikusi dute, odoletan zegoena. Orduan, bikotekideak labana batekin eta botila batekin eraso egin diola azaldu die bertaratu diren ertzainei.

Emakumea anbulantzian eraman dute Txagorritxuko Ospitalera, eta medikuek artatu ostean dagokion salaketa jarri du bikotekidearen aurka. Gizona Santiago Ospitalean atxilotuta dago.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Gizartea Gasteiz albisteak Albisteak Matxismoa gaur