Gizartea -

Emakumeen kontrako indarkeria

Hiru pertsona atxilotu dituzte Bilbon genero-indarkeria egotzita

Bilboko ertzain-etxeko agenteek 52, 44 eta 38 urteko hiru gizonezko atxilotu dituzte ustez bikotekideei tratu txarrak emateagatik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbatean goizeko hamarrak aldera, Ertzaintzako patruila bateko agenteak Bilboko etxebizitza batera bertaratu zen erasoaldi bat jazo zelako abisua eman ziotenean. Iristean, ertzainek emakumezko bat aurkitu zuten. Senarrak hainbatetan eraso izan ziola eta azken liskarra minutu batzuk lehenago izan zutela jakinarazi zien; eskuan ostikada bat eman omen zion. Emakumeak esku bat handituta eta ubelduta zuela egiaztatu zuten agenteek. Era berean, ustezko biktimak adierazi zuen senarrak gero eta maizago ematen zizkiola tratu txarrak eta mehatxuak ere areagotu egin zirela azkenaldian. Segidan, emakumearen alabak (adinez txikia) ertzainei azaldu zien amak bikotekidearengandik jasandako erasoaldiaren lekuko izan zela. Guzti hau kontuan hartuta, agenteek ustezko egilea (52 urte) atxilotu egin zuten genero-indarkeria delitu bat egotzita.

Bigarren indarkeria kasua gaur goizaldeko lau eta erdiak aldera gertatu da. Ordu hartan, Ertzaintzak abisu bat jaso du hiriko etxe batetik. Gizonezko batek adierazi du aita oso oldarkor zegoela eta amari eraso diola. Bertaratu diren agenteek ustezko erasotzailea korrikan ikusi dute etxe inguruko kalean. Beste gizon bati segika zihoan; eraso egin nahi zion. Bi gizonezkoak identifikatu ostean, hainbat lekukok adierazi diete agenteei aipatutako gizonak, liskar baten ondoren, emazteari eraso egin diola eta semeari (adinez nagusia) bularrean ostiko bat ematen ere saiatu dela. Gertatutakoa egiaztatu ostean, 44 urteko ustezko erasotzailea atxilotu dute genero-indarkeria delitu bat leporatuta.

Azkenik, goizaldeko seiak laurden gutxi aldera, Ertzaintzak 38 urteko gizonezko bat atzeman du bikotekideari eraso izanagatik. Bilboko erdiguneko etxebizitza batean jazo da guztia. Lekuko baten arabera, ustezko egilea atea puskatuz sartu da; batera bizi ziren etxe horretan. Barruan zela, besotik heldu dio eta mehatxuka hasi zaio lurretik arrastaka zeraman bitartean. Ertzainek biktimarekin hitz egin dute eta honek, aurretiaz ere tratu txarrak jasan izan dituela jakinarazi die; begietako bat ubelduta zuen erasoaldi horietako baten ondorioz.

Genero indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzeko telefono-zerbitzua: 900 840 111 - 016

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea