Gizartea -
Istripua
Hiru txirrindulari larri zauritu dira gaur goizean euskal errepideetan
Hirurak helikopteroz eraman behar izan dituzte ospitalera. Hiru istripuetatik bi Bizkaian gertatu dira; hirugarrena, berriz, Araban.
Agentziak | Erredakzioa
Hiru txirrindulari larri zauritu dira larunbat goiz honetan, bizikletan zihoazela istripua izan ostean.
Lehen ezbeharra N-634 errepidean gertatu da, Iurreta parean, 09:15 aldera. Txirrindulari bat lurrera erori eta burua kolpatu du, Segurtasun sailak jakinarazi duenez. Anbulantzia bat bertaratu da zauritua artatzeko. Ondoren, helikopteroz eraman dute ospitalera.
Bigarren istripua 10:55ean izan da, Abanto Zierbenako Los Castaños auzoan. Zauritua mendi-bizikleta batean zihoala erori eta kolpea hartu du buruan. Hori dela eta, konorterik gabe geratu da lurrean. Biktimarekin zegoen txirrindulariak eman dio abisua Ertzaintzari. Helikopteroz eraman dute Gurutzetako ospitalera.
Azkenik, 13 urteko gazte bat Txagorritxuko ospitalera eraman dute helikopteroz, aitarekin mendi bizikletan zebilela erori ondoren, Kuartangon. Bizikletaren eskulekua iztarrean sartu du kolpearen ondorioz.