Gizartea -

Trafikoa

Bigarren mailako errepideetan abiadura muga jaistea aztertuko du Espainiako Gobernuak

Europako zenbait herrialdetan hartutako neurria Espainian ere aplikatzea litzateke helburua. Frantzian, adibidez, orduko 80 kilometrokoa da gehieneko abiadura.

Trafikoa. Argazkia: EiTB
Trafikoa. Argazkia: EiTB
Trafikoa. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pere Navarro Espainiako Trafiko zuzendariak aurreratu duenez, bigarren mailako errepideetan abiadura muga jaistea aztertzen ari da Espainiako Gobernua. Neurri hori onartuz gero, Europako beste herrialde batzuekin parekatuko litzateke Espainiako errepideen araudia. Izan ere, Frantzian, adibidez, orduko 80 kilometrokoa da gaur egun gehieneko abiadura.

"Eztabaida ireki dugu bigarren mailako errepideetan abiadura muga jaisteko", esan du Navarrok prentsaurreko batean. Bertan, udako trafiko-balantzea egin du, eta adierazi du hildakoak eragin dituzten istripuen % 77 ohiko errepideetan izan direla. Ezbehar horien erdiak ibilgailuak errepidetik atera direlako gertatu dira, eta, kasu gehienetan, abiadura handiegian ibiltzeagatik.

Ildo horretan, Navarrok gogora ekarri du aurreko Gobernuak ere orduko 100 kilometroko gehieneko abiadura 90era murriztu nahi zuela, baina ez zuela lortu proposamena aurrera eramatea. Horregatik, Navarrok zuhurtziaz jokatuko dutela esan du, eta ez du proposamena gauzatzeko eperik zehaztu nahi izan.

"Zaila da neurri horren kontrako arrazoiak bilatzea, baina herrialde honetan abiaduraren kontuaz aritzen garen bakoitzean aurkariak agertzen dira", adierazi du erdi txantxetan Trafiko zuzendariak. Halaber, nabarmendu du Espainia dela, Errumania, Polonia, Irlanda, Alemania eta Austriarekin batera, orduko 100 kilometroko gehiengo abiadura duen herrialde bakarra.

Belgikak, Kroaziak, Greziak, Italiak eta Portugalek, berriz, orduko 90 kilometroko muga dute, eta Suitzan, Norvegian, Herbeheretan, Maltan, Frantzian, Finlandian eta Danimarkan debekatuta dago orduko 80 kilometrotik gorako abiaduran gidatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Gizartea Albisteak Gaur Eguneko albisteak