Gizartea -
Osasuna
Txertoen aurkakoen arriskuaz ohartarazi dute Bizkaiko medikuek
Bizkaiko Elkargoak, halaber, zientzia-oinarririk gabeko tratamenduen aurka egin du; naturista batek bi hitzaldi emango ditu, Bilbon eta Etxebarrin, hilaren amaieran.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko Medikuen Elkargoak "kezka" adierazi du asteazken honetan; hain zuzen ere, "zientzia-ebidentziarekin loturarik ez duten informazio eta proposamenak jasotzeak herritarrentzat duen arriskuaz" ohartarazi du. Hori dena esan dute medikuek irailaren amaieran Bizkaian Gironako Elkargoko mediku batek emango dituen bi hitzaldiren harira; txertaketaz eta minbiziaz hitz egingo du Bilbon eta Etxebarrin, hilaren 28an eta 29an hurrenez hurren, osasun-profesionalei eta herritarrei zuzendutako bi saio horietan.
Elkargoaren iritziz, "arrisku larria" dago, baldin eta onartzen badira bideragarriak ez diren edo zientzia-oinarririk ez duten hainbat proposamen terapeutiko, "bai eta zientzia kontuan izanik agindutako tratamenduak alde batera uztea ekar lezaketen eta itxaropen lortezinak sor ditzaketen proposamenak ere". Gogorarazi ere gogorarazi du txertaketak erakutsi duela izatea “gaixotasun infekziosoei aurre egiteko baliabiderik onenetakoa”.
Agiri batean, Bizkaiko Medikuen Elkargoak nabarmendu du bere gain hartzen duela konpromiso publikoa "jarrera beligerante bat izateko" horrelako jarreren aurka, alegia, lankideren batek dibulgazio-ekimenen bat garatzen duen kasuetan.
Ildo horretan, Elkargoak adierazi du bistakoa dela zer egin dezakeen "mezu desegoki edo nahasgarri batek", alegia, aukera dagoela "ustezko informazio horiek" jasotzen dituztenek euren osasunerako arriskutsuak diren ondorioak ateratzeko. Ez lirateke nahastu beharko, hortaz, gaixoen erosotasuna eta erlaxazioa xedea dituzten ekintzak jarduera horiekin lotuta dauden helmuga terapeutikoekin.
Bizkaiko Medikuen Elkargoaren ustez, "etikatik oso urrun dago hau: egoera sendaezinetan dauden gaixoei aholkatzea bideragarriak ez diren eta zientzia-oinarririk ez duten proposamen terapeutikoak, edo zientzia kontuan izanik agindutako tratamenduak alde batera uzteko eraman dezaketen proposamenak. Itxaropen lortezinak sor ditzakete horiek".
Txertaketa, gaixotasun infekziosoen aurkako baliabidea
Hitzaldiak emango dituen hizlari Xavier Uriarte txertoen kontrakoa da; hori kontuan izanik, Elkargoak azpimarratu du nola txertaketak erakutsi duen izatea gaixotasun infekziosoei aurre egiteko baliabiderik onenetakoa.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak elgorriaren ildotik uda honetan bertan jakinarazi duenez, egun, Europako ia herrialde guztietan ari da handitzen kasuen kopurua; horren arrazoia da, bereziki, "txertaketa-estaldura txikia duten herritarren taldeak egotea", Elkargoak idazkian esan duenaren arabera.
Jaurlaritzaren datuek diotenez, 2018an, "bi kasutan soilik kutsatu da elgorria gure inguruan; eta bi kasu horietan, gaixoak txertatu gabe zeuden".
Hori dela eta, Osasun Sailaren Osasun Publikoaren Zuzendaritzak berretsi du txertaketa oso garrantzitsua dela, gaixotasun infekzioso larriak saihesteko, eta egungo txertoak guztiz seguruak direla.
Elkargoak, amaitzeko ondorengoa dio: herritarrak arrisku larrian eta onartezinean leudekeela, "baldin eta, konfiantza handiegia izateagatik edo ideologia kontuengatik, esango balitzaie txertoak ez baliatzeko edo, gaixotasun larri baten aurrean, zientzian oinarritutako tratamendu egokirik ez jasotzeko".