Gizartea -
Diabetesa
Intsulina hartu aurreko sastadak ekidingo dituzte EAEko emakume diabetikoek
Haurdun dauden edo haurdun geratzeko asmoa duten emakume diabetikoei gluzemia neurtzeko sistema berria abiatu du Osakidetzak.
Agentziak | Erredakzioa
Haurdun dauden edo haurdun geratzeko asmoa duten emakume diabetikoei glukosa monitorizatzeko sistema berria eskainiko die Osakidetzak irail honetatik aurrera. Metodo berri bati esker, adabaki bat ipinita, egunero sastada ugari egin beharra saihestuko da, eta horrek pertsona diabetikoen eguneroko bizitza erraztuko du.
Osakidetzak jakinarazi duenez, sentsore adabakiak odoleko glukosa maila neurtzen du eta sakelako telefono baten pantailan gluzemia indizea ikusteko aukera ematen du, orain arte behin eta berriro egin behar izan diren sastada kapilarrak saihestuz.
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 18 urte baino gutxiagoko 300 pertsona iaztik ari dira erabiltzen sistema hori. Aurrerantzean, 1 motako diabetesa duten eta haurdun geratzeko asmoz kontsultara joan diren 50 bat emakumek gluzemia neurtzeko metodo berria erabili ahal izango dute.
Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak tresna berriak bereziki zaurgarriak diren pertsona horientzako duen garrantzia azpimarratu du. Horren hitzetan, "haurdun geratu aurretik diabetesa duten pazienteek odolean glukosa mailak kontrolatzeko zailtasun berezia duen taldea osatzen dute. Adabakiari esker, intsulina hartu aurreko sastadak ekidingo dituztenez, euren bizi kalitatea izugarri hobetuko da".
Sakelako telefono baten pantailatik glukosa mailak ezagutzeko sistema berria 2017ko azaroan jarri zen martxan haurren eta gazteen kolektiboentzat. Orduz geroztik, 18 urte baino gutxiagoko 308 paziente ari dira erabiltzen. Halaber, medikuaren aginduz eta hainbat egoerari erantzuteko, sentsorea beste 92 helduren esku jarri zen. Aurrerago, proiektuaren lehen ebaluazioa egitea aurreikusita dago, EAEn diabetesa duten pazienteen multzoan sistema berriaren ezarpena baloratzeko.
Diabetesa EAEn
Europa osoan diabetikoen kopuruak, oro har, gora egin arren, EAEn Espainiako Estatuko batezbestekoaren azpitik dago. Osakidetzaren azterketa baten arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 18 urtetik gorakoen % 10,6ri eragiten dio. Antzeko helburuekin egin ziren azterketetan, berriz, Estatuan prebalentzia % 13,8koa dela ikusi zen.