Gizartea -

San Sebastian Eguna

Hasi da Donostiako danborrada

- Danbor hotsak eta Sarriegiren martxa entzungai dira jada nonahi.

- Eguerdian haurren danborradaren txanda izango da.

03:59

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hasi da festa, hasi da Donostiako egun handia. Danbor hotsak nonahi entzungai dira dagoeneko, gauerdian Odon Elorza alkateak eta Ainhoa Beola Berdintasun zinegotziak bandera igo eta Gaztelubide elkarteak Sarriegiren martxa jo eta gero.

24:00etan entzun dira lehen doinuak, eta horrekin batera lehertu da festa.

Ohi den bezala, San Sebastian martxa Joserra Mendizabal buru duen Gaztelubide elkarteak jo du ekitaldian.

Orain, 24 orduz, 12.000 donostiar baino gehiago eta 111 tanborrada kalez kale izango dira, danborra eskuan, jo eta jo.

Eguerdian, haurren danborrada

Eguerdian, baina, protagonistak umeak izango dira, haurren danborradan. Aurten 50 urte betetzen ditu, eta eitb.com-ek zuzenean eskainiko du, streaming bidez.

Berrogeita hamabi konpainia arituko dira, 5.000 haur orotara, eta protagonista nagusiak Easo Ederra (Haizea Marquez), Jenerala (Mikel Salaberria) eta Danbor Nagusia (Jon Arrese) izango dira.

Xabi Alonsok jaso du Urrezko Danborra

Gauerdian festa hasi baino lehen, arratsaldean, Odol Elorzak Urrezko Danborra eman zion Xabi Alonso Real Madrileko futbolari tolosarrari.Erdilaria oso pozik agertu da golardoarekin, eta 2010 urtea oso berezia izan dela adierazi du. Izan ere, aita izan da, Munduko Txapelketa irabazi du eta Urrezko Danborra eman diote.

Udalak San Sebastian egunean eman ohi du saria, baina gaur Alonsok Errege Kopako partida jokatu behar duenez, atzora aurreratu zuten ekitaldia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea