Gizartea -
GIPUZKOA
Ertzaintzak legez kanpoko hiltegi bat desegin du Larraulen
Gainera, 61 urteko gizon bat eta 51 urteko emakume bat ikertzen ari da, osasun publikoaren aurkako delitua, ingurumenaren aurkako delitua eta animalien aurkako tratu txarrak leporatuta.
EITB.EUS
Ertzaintzak legez kanpoko hiltegi bat desegin zuen joan den astean Larraulgo baserri batean, eta 61 urteko gizon bat eta 51 urteko emakume bat ikerketapean jarri zituen, osasun publikoaren aurkako delitua, ingurumenaren aurkako delitua eta animalien aurkako tratu txarrak leporatuta. Ustez, pertsona horiek baserrian animaliak hiltzen zituzten, legez kanpo, partikularrei saltzen zizkieten eta animalia hondarrak Anoetako ibarrera botatzen zituzten.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez, Anoetako ibar batean izandako legez kanpoko isuri baten berri izan zuen abuztuaren amaieran Ertzaintzak. Agenteek ingurua miatu ostean, animalia hondarrez betetako hamabost zaku aurkitu zituzten.
Hondakin horien jatorria ikertu ostean, ertzainak eta inguruko aguazila Larraulgo baserri batera joan ziren, eta legez kanpoko hiltegi bat aurkitu zuten bertan. Goiko aldean, hil berri zuten ardi bat topatu zuten, eta hiltzeko prest zituzten beste batzuk ere bai. Horrez gain, Anoetan topatutako zakuen antzekoak eta haragia zatikatzeko tresnak aurkitu zituzten.
Legez kanpoko hiltegia zutelakoan, 61 urteko gizon bat eta 51 urteko emakume bat ikerketapean jarri ditu Ertzaintzak. Antza denez, bi pertsona horiek baserrian legez kanpo hiltzen zituzten animaliak, gero partikularrei saltzeko, eta hondakinak Anoetako errekatxo batera botatzen zituzten, osasun publikoarentzako arrisku handia eraginez.
Hori dela eta, ikerketaren ardura duten agenteek izapideak hasi dituzte baserriaren jabeen aurka.