Gizartea -
Migrazio krisia
Mugak zaintzeko 10.000 agente gehiago jartzea proposatu du Europako Batzordeak
Era berean, 'kualifikatutako immigranteak hartzeko bide erregularrak' sortzeko beharra defendatu du Junckerrek.
Agentziak | erredakzioa
Europako Batzordeak proposamen berria egin du gaur Europan dagoen migrazio krisiari aurre egiteko. 2020rako kanpo mugak zaintzeko 10.000 agente gehiago jartzea proposatu du Jean-Claude Juncker erakundeko presidenteak.
Batasunaren egoerari buruzko hitzaldia egin du asteazken honetan Junckerrek, eta beste gai batzuei buruz hitz egiteaz gain, etorkin oldeari aurre egiteko neurri sorta xehatu du. Besteak beste, 'kualifikatutako immigranteak hartzeko bide erregularrak' sortzeko beharra defendatu du Junckerrek.
Mugetan agente gehiago jartzeko proposamena, baina, ez da berria. Uztailean adierazi zuen asmoa Junckerrek, baina gaur zehaztu du, laster onartuko dutelakoan.
Junckerren hitzetan, kanpoko mugak hobeto babestea da helburua. Gaur egun mugetan dagoen polizia nazionala FRONTEX (Europar Batasuneko Estatuen Kanpoko Mugetan Lankidetza Operatiboa Kudeatzeko Europako Agentzia) agenteekin ordezkatu nahi du Batzordeak.
Kanporatzeak azkartu
Agenteok mugak kontrolatzen eta etorkinak kanporatzeko lanetan jarri nahi ditu Bruselak.
Horren ildoan, kanporatzeak arautzen dituen legea berrikustea proposatu du Junckerrek, azkartzeko asmoz. Batzordearen arabera, gaur egun legez kanpo heldutako pertsonen % 36 bakarrik itzultzen dute euren jatorriko herrialdeetara; kopuru hori handitu nahi du, bada, EBk.
Horretarako, legezko egonaldia bukatzen denean, berehala, kanporatze agindua emateko eskatu du Junckerrek.
Bestalde, "immigrazio erregularra" defendatu du EBko presidenteak, eta horretarako "legezko bideak" sortzea proposatu du, "kualifikatutako etorkinek" Europan sartzeko aukera izan dezaten.