Gizartea -
Auto-istripua
Atzo Zornotzan larri zauritu zen neskatoa ez dago hiltzeko arriskuan
Larrialdiko ebakuntza egin diote bart Gurutzetako ospitalean eta hobera egin du. Autobus batek eta auto batek talka egin zuten aurrez aurre eta haurraren aiton-amonak, eibartarrak, bertan hil ziren.
Erredakzioa
Atzo auto-istripuz Zornotzan larri zauritu zen sei urteko neskatoa ez dago hiltzeko arriskuan. Bart ebakuntza egin diote Gurutzetako ospitalean pelbisa apurtuta zuelako eta kolpe handia jaso zuelako biriketan eta orain Zainketa Berezien Unitatean dago, larri, baina egonkor, eta hobera egiten ari da.
Auto batek eta kamioi batek talka egin zuten aurrez aurre eta autoan zihoan neskatoa aiton-amonekin batera. Aiton-amonak, 66 eta 67 urteko eibartarrak, ezbeharra gertatu zen lekuan bertan hil ziren.
Horrez gain, 20 inguru pertsona zauritu ziren, Herrizaingo Sailak jakitera eman zuenez. Hildakoak autoan zihoazen eta horien iloba ere ibilgailuaren barruan zegoen istripua gertatu zenean. Larrialdi zerbitzuetako helikoptero batek eraman zuen neskatoa Gurutzetako ospitalera, larri zaurituta, eta Zainketa Berezien Unitatean sartu dute pelbisa hautsita eta biriketan kolpe handia hartuta.
Eibar-Bilbo lineako Bizkaibus zerbitzuko autobusa izan zen istripua izan zuena eta 20 inguru bidaiari zauritu egin ziren, baina inor ez larri.
Ikerketa
Ertzaintzak ikerketa abiatu du istripuaren nondik norakoak argitzeko.