Gizartea -

Ibaiondo adingabeen zentroa

Ibaiondo zentroak ukatu egin du gazteek eta langileek sexu harremanak izan dituztela

Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak ez dauka ustez zentroko zaintzaile batek jarritako salaketaren berri, baina 'egia izan ala ez' neurriak hartuko dituela iragarri du.

Zumarragako adingabeen zentroa. ETBko artxiboko bideo batetik ateratako pantaila-irudia.
Zumarragako adingabeen zentroa. ETBko artxiboko bideo batetik ateratako pantaila-irudia.
Ibaiondo zentroak gazte eta hezitzaileen arteko sexu harremanak ukatu ditu

1:22

AGENTZIA | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zumarragako Ibaiondo adingabeentzako zentroko zuzendaritzak ukatu egin du adin txikikoek eta hezitzaileek sexu harremanak izan dituztela. Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik,  ez dauka ustez zentroko zaintzaile batek jarritako salaketaren berri. Antza denez, zentroko segurtasun zaintzaile batek aurkeztu du salaketa, egoitzan ustez adingabeek eta hezitzaileek "harreman intimoak" izan dituztela eta droga trafiko kasuak ere egon direla argudiatuta.

Loly de Juan Eusko Jaurlaritzako Justizia zuzendariak azaldu duenez, bere Sailak ez dauka ustez segurtasun zaintzaile batek jarritako salaketaren berri. Dena den, Ibaiondoko zuzendariek esan omen dio "ez dela egia", baina zentro "itxia" izaki, zenbaitetan substantzia estupefazienteak sartzeko ahaleginak egoten direla eta "ia beti konfiskatu" eta "ahalegin hutsean" geratzen direla. "Sexu harremanak egon direla ukatu du zuzendariak, bai izan direla eta baita zuzendaritzari jakinarazi zaiola ere", nabarmendu du.

Bilbon egin den liburu baten aurkezpenean eman ditu azalpenak Justizia zuzendariak.

De Juanen arabera, ez bere Sailak eta ezta zentroko zuzendariak ere ez daukate salatutako ekintzen inguruko daturik, baina egia izatekotan "oso larriak" lirateke. Hori dela eta, F¡skaltzari informazioa helarazteko eskatu dio.

Ildo horretan, egia izan ala ez, Eusko Jaurlaritzak neurriak hartuko dituela iragarri du.

Azkenik, egoera aztertzeko langileekin bilera bat egiteko proposamena egin omen dio De Juanek Ibaiondo zentroko zuzendariari.

Bestalde, Justizia Saileko iturriek aurreratu dutenez, salatzailea zentroko zaintzaile ohi bat da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Zumarraga bideoak Eguneko albisteak