Gizartea -
EAE-ko Auzitegi Nagusia
Urdulizko ospitalearen zerbitzuak pribatizatu behar ez direla baieztatu dute
Garbiketa, ikuztegi eta sukalde zerbitzuen kontratuetako agiriak errekurritu zituzten CCOO eta ESK sindikatuek.
Agentziak | Erredakzioa
Urdulizko (Bizkaia) ospitalearen zerbitzu osagarriak pribatizatu behar ez direla baieztatu du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak (EAEAN) auto batean, CCOO sindikatuak jakitera eman duenez.
EAEko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak (OARC) CCOO eta ESK sindikatuek aurkeztutako helegiteak onartu zituen. Garbiketa, ikuztegi eta sukalde zerbitzuen kontratuetako agiriak errekurritu zituzten sindikatuek; ondorioz, lizitazioak bertan behera geratu ziren.
EAEANko administrazioarekiko auzien salaren aurrean erabaki hori errekurritu zuen Osakidetzak, baina alegazio nagusiak atzera bota ditu Auzitegiak, agirien baliogabetzea berretsiz.
CCOOren hitzetan, alde batetik, agirien aurka egiteko sindikatuaren legitimotasuna onartu du Auzitegiak, langileen interesen alde ari delako.
Bestetik, Osakidetzak zerbitzu horiek kanpora ateratzeko beharra ez du justifikatu, eta langileria propio bezala onartu behar du.
Sindikatuaren ahotan, Osakidetzaren pribatizazio joerari zaplazteko gogorra eman dio epai honek. Zentzu horretan, Osakidetza Gernikako ospitalean zerbitzu horiek pribatizatzen saiatu zela gogorarazi du CCOOk.
“Eibarko ospitale berria irekitzear dagoenean, Osakidetzak eta Osasun Sailak konpromisoak bete eta ospitaleko lan guztiak baliabide propio gisa aitortzea espero du” sindikatuak.