Gizartea -

Gipuzkoa

Zortzi urteko kartzela-zigorra gizon bati, adingabe bat bi aldiz bortxatzeagatik

Biktima bere burua hiltzen saiatu zen erasoen ondotik. Hasiera batean ez zuen gertatutakoa kontatu, "lotsa eta beldurra" sentitzen zituelako.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizonezko bati zortzi urteko kartzela-zigorra ezarri diote adingabe bat bi aldiz bortxatzeagatik, EFE berri-agentziak iturri judizialak aipatuta zabaldu duenez. Sexu-eraso horien ondotik, neskatoa bere buruaz beste egiten ahalegindu zen.

Horrez gain, 30.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimari, eragin zizkion kalte eta ondorioengatik.

Epaiketa joan den ekainaren 13an egin zituen, Gipuzkako Lurralde Auzitegiko Lehen Sekzioko epaitegi batean.

Fiskaltzak eta akusazio partikularrak epaiketan azaldu zutenez, gertakariak 2013ko irailean eta urrian jazo ziren, umearen gurasoen etxean eta akusatuaren amaren etxean. Auzipetuaren ama eta neskatoaren gurasoak bizilagunak ziren.

Kasu bietan, lehendabizi ukituak egin zizkion eta ondoren bortxatu egin zuen. Lehenengo erasoan preserbatiboa erabili zuen, baina bigarrenean, ez.

Epaiketan, biktimak bideokonferentziaz deklaratu zuen, erasotzailea aurrez aurre ikustea ekiditeko. Bi sexu-eraso horiez gain, zortzi urte zituenetik ukituak hainbat aldiz egin zizkiola kontatu zuen.

Gertatutakoari buruz gurasoei ezer ez esateko eskatu zion gizonezkoak. Behin, erasotzailea aurrean zela, amari dena kontatzekotan egon zen, baina gizonezkoak ez zion utzi, ahoan zaplaztekoa emanda.

Neskatoak epaiketan adierazi zuenez, gurasoei ez zien ezer esan "lotsa eta beldurra" sentitzen zituelako. Alabaina, azkenean, 2014ko urtarrilean, irakasle batzuekin hitzegitea erabaki zuen eta horiek eman zuten argitara kasua.

Sexu-eraso horien ondorioz, bere buruaz beste egiten saiatu zela eta laguntza psikologikoa behar izan duela azaldu zuen.

Bestalde, erasotzaileak akusazio guztiak ukatu zituen. Biktimaren familiarekin harremana duela, neskatoa jaio zenetik ezagutzen duela eta harekin eta beren gurasoekin arratsalde asko batera igaro izan dituela kontatu zuen epaiketan.

Gizonezkoaren iritzian, neskatoak arreta deitzeko eta zeloek bultzatuta egin zuen bere kontrako salaketa, aita izan behar zela jakin zuenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Gipuzkoa Epaiketak Gizartea Albisteak Matxismoa Espetxeen azken ordukoa