Gizartea -
Eguraldia
Abisu horia ezarri dute gaur arratsalderako EAEn, prezipitazio handiengatik
Arratsaldean, euria egingo du EAE osoan, eta zaparrada handiak botako ditu tarteka. Ekaitz giroa izango da nagusi, eta kazkabarra ere egin lezake. Nafarroan ere, abisu horia ezarri dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du arratsalderako Euskal Autonomia Erkidegoan. Izan ere, 15:00etatik 21:00etara, euria erruz egingo du, eta litekeena da metro koadroko 15 litro ur pilatzea leku askotan.
Hain zuzen ere, tarteka zaparrada handiak botako dituela diote iragarpenek, eta kazkabarra egiteko arriskua ere badago. Gainera, haizeak gogor jo lezake ekaitzak astindutako tokietan, bereziki.
Nafarroan ere, abisu horia ezarri dute ekaitz arriskuagatik Nafarroa erdialdean, Pirinioetan eta Erriberan. Abisua 14:00etan hasi eta 20:00etan bukatuko da.
Asteazkenerako iragarpena
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, asteazkenean ezegonkortasuna izango da nagusi, ekaitza egiteko arriskua egongo baita, nahiz eta zeruan ostarteak eta lainoak tartekatuko diren. Goizaldean euria egingo du, baina goizean ateri eutsiko dio leku gehienetan.
Arratsaldean, ostera, ekaitz giroak hartuko du berriro EAEko barnealdea, eta giro lasaiagoa izango da kostaldean. Tenperaturei dagokienez, ez da aldaketa handirik espero.
Osteguneko iragarpena
Zerua hodei gutxirekin egongo da, arratsaldean hodeitsu geratzeko joerarekin. Egunaren amaieran zaparrada txikiren bat bota dezake, probabilitate handiagoarekin ekialdean. Hego-ekialdeko haize ahula ibiliko da; arratsaldean, ipar-mendebaldera aldatu, eta ahul-bizi ibiliko da. Tenperatura minimoetan ez da aldaketarik izango, eta maximoak nahikoa edo nabarmen igoko dira.
Zerua partez hodeitua egongo da, erdi-mailako hodei eta goi-hodeiekin; egunaren amaieran oso hodeitsu geratzeko joera izango du, bereziki isurialde atlantikoan. Baliteke arratsaldean eta gauean euri txikia egitea isurialde atlantikoan.
Iparraldeko eta ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da. Tenperatura minimoetan ez da aldaketarik izango, eta maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira.
Ortzadarra Santurtziko portuan atzo, ekaitzaren ostean. Argazkia: Luisma Gonzalez.