Gizartea -
Proiektu polemikoa
Urpeko zentral nuklear bat euskal kostaldetik gertu?
Galdera horrek ez du hain zentzugabe ematen DCNS Frantziako ontzi-jabeek Flexblue proiektua aurkeztu dutenetik.
Frederik Verbeke
Frantziako ontzi-jabe militarrek hainbat urpeko zentral nuklear txikiak eraiki nahi dituzte. Flexblue izeneko erreaktorea Cherbourgen (Frantziako ipar-mendebaldean) eraikiko dute. Lehen prototipoa 2013rako prest egotea aurreikusi dute eta hiruzpalau urte beranduago, martxan jarriko lukete.
Itsaspeko baten forma duen erreaktore txikia da Flexblue. Areva nazioarteko energia nuklearraren liderrak, EDF konpainia elektrikoak eta Energia Atomikoaren komisarioak elkarlanean burututako egitasmoa da. 12-15 metroko diametroa du, galdara bat eta zentral elektriko batek hornitu egiten du.
Behin urpean, Flexbluek elektrizitatea sor lezake, gehienez 300 megawatt. Hori horrela, 100.000-1.000.000 biztanleko kostaldeko udalerriak edota irlak energiaz horni litzake.
Proiektua oraindik aztergai dagoen arren, DCNSk hurrengo 20 urteetan 200 erreaktore inguru saltzea aurreikusi du. Horrenbestez, Flexblue nuklearren aurkako eragileen jomuga bilakatu da.
Patrick Boisier DCNSko zuzendari orokorraren arabera, teknologia oso segurua da, baina elkarte ekologistek jada horren arriskuez ohartarazi dute. Greenpeacen ustez, ez dute ekimenaren zehaztasunen berri eman arlo teknikoari zein segurtasunekoari dagokionean.
Istripurik jazoz gero, "itsasoa suntsituko litzakete", adierazi du Crilan nuklearren aurkako erakundearen presidenteak. "Uren izugarrizko beroketak izaki bizidunak desagertaraziko lituzkeen tenperatura aldaketa bortitza eragingo luke". Crilanen egoitza Cherbourgetik gertu dago, Flexblue erreaktorea eraikiko litzatekeen tokian, alegia. &' || 'nbsp;