Gizartea -

Alzheimerraren Munduko Eguna

Lau segundoan behin alzheimer kasu bat diagnostikatzen da munduan

Espainiako ikerlari talde bat farmakologikoa ez den interbentzio bat ikertzen dabil, gaitza hamar urte atzera lezakeena. Horretarako, oraingoz sintomarik ez duten pertsonak ari dira aztertzen.

Alzheimerraren Nazioarteko Eguna. Argazkia: EiTB
Alzheimerraren Nazioarteko Eguna. Argazkia: EiTB
Alzheimerraren Nazioarteko Eguna. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur egun, lau segundoan behin alzheimer kasu bat diagnostikatzen da munduan, eta "aurreikuspen oso kezkagarriak" dituzte horren inguruan. izan ere, 2050ean 100 milioitik gora lagunek pairatuko dute gaitza, Carmen Terron Madrilgo Neurozientzia Aurreratuen Institutuko neurologoak aurreratu duenez.

Dementzia kausa nagusia da alzheimerra, diagnostikatutako kasuen % 70 daude gaixotasunarekin lotuta. Espainian, esaterako, 1,2 milioi pertsonak dute buruko patologia hori. Datuak ikusita, osasun publikoan gaitz horrek dakarren arazoaz ohartarazi du Osasunaren Mundu Erakundeak.

Hori horrela, plan orokor bat egin du alzheimerra duten pertsonen bizi kalitatea hobetze aldera, baita gaixoak zaintzeaz arduratzen direnei begira ere: "Plan honek hainbat gai jorratzen ditu; besteak beste, osasun publikoan egin beharreko lana, dementziaren ikerketa eta prebentzioa, diagnostikoa eta tratamendu estrategiak", esan du Terronek.

Alzheimerra gaixotasun neurologiko progresiboa da, gaur-gaurkoz sendabiderik ez duena eta bizi kalitatea nabarmen kaltetzen duena. Kontu horiek hobetzeko, 2025erako berdintasunean, duintasunean eta giza eskubideetan oinarritutako nazio politikak sortu nahi ditu Osasunaren Mundu Erakundeak.

Horrez gain, gizartea kontzientziatzea beharrezkotzat jotzen du, herritarrak, dementzia duten gaixoekin, atseginagoak eta ulerkorragoak izan daitezen.

Nolanahi dela, ohitura osasuntsuak izateak ere laguntzen du alzheimerra atzeratzen edota saihesten. Horregatik, egunero zazpi eta zortzi ordu artean lo egitea eta astean, gutxienez hirutan, 30-40 minutuz ariketa aerobikoak egitea gomendatu du Terronek.

Adimena lantzea ere ezinbesteko ariketa da. Horretarako, irakurtzea, irratia entzutea, hobby berriak edukitzea, instrumenturen bat jotzea eta beste pertsona batzuekin harremanak izatea aholkatzen dute.

Bukatzeko, denetarik jatea ere beharrezkoa da, batik bat, gantz aseen eta palma eta koko olioen kontsumoa murriztuta, eta horien ordez fruta, barazkiak, zereal integralak, lekaleak eta fruitu lehorrak (neurrian kontsumituta) janda. Horrek guztiak kolesterola, diabetesa eta tentsioa kontrolatzen ere lagun dezake.

Alzheimerra hamar urte atzera lezakeen ebakuntza bat ikertzen dabiltza

Espainiako ikerlari talde bat farmakologikoa ez den eta gaixotasuna hamar urte atzera litzakeen interbentzio bat ikertzen dabil. Sintomarik ez duten pertsonak ari dira aztertzen, hain zuzen. Interbentzio hirukoitza litzateke Fernando Maestu Neurozientzia Kognitibo eta Konputazionalaren Laborategiko zuzendaria aztertzen ari dena: ariketa fisikoa, terapia kognitiboa eta aldaketa nutrizionala ditu oinarrian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak gaur Alzheimer kasuak