Gizartea -
Adierazpen polemikoak
Aldundiek ere kritikatu dute Patxi Lopezek euskarari buruz esandakoa
Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Kultura diputatuek hitz horiek zuzentzeko eskatu diote lehendakariari, euskararen garapena terrorismoaren desagerpenarekin lotu zuelako.
Erredakzioa
Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Aldundietako Kultura diputatuek euskarari buruz esandakoa zuzentzeko eskatu diote Patxi Lopez lehendakariari, euskararen garapena terrorismoaren desagerpenarekin lotu zuelako.
Aurreko astelehenean, Leioan, Euskararen Kontseilu Aholkulariaren aurrean egindako hitzaldian, EAEko Gobernuko buruak esan zuen "minbizia hau (terrorismoari erreferentzia eginez) laster iraganeko kontua izatea espero dut. Horrek bide berriak irekiko ditu eta gauzak erraztuko dizkio euskal kulturgintzari. Euskara askatasunekin lotuko da, behin betiko".
"Herritarren gehiengoa nahiz euskararen alde lan egiten duten talde asko eta asko iraindu izana" leporatu diote lehendakariare hiru Kultura diputatuek: Josune Ariztondok (Bizkaia), Maria Jesus Aranburuk (Gipuzkoa) eta Malentxo Arruabarrenak (Araba) -guztiak EAJkoak- , publiko egin duten adierazpen bateratuan.
Ondorengoak egotzi dizkiote, hitzez hitz: "Euskarari egin dakiokeen politizazio larriena" eta "errespetu falta nabarmena".
Hori dela eta, haren "hitz okerrak zuzentzeko" eta "euskararen aldeko jarrera eta politika positiboak balioesteko" eskatu diote, "hitz egiten dutenei babesa emanez eta elebakarrei euskararen mundu zoragarria erakusteko bidea zabaldu".