Gizartea -

Indarkeria matxista

Azkoitiko fisioterapeuta batek lantokian jasandako eraso matxista bat salatu du

Gazteak mezua partekatu du sare sozialetan bezero batek egindakoa kontatuz. Gizona erabat biluzi eta ukituak egiten saiatu zen.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azkoitiko fisioterapeuta gazte batek masaje bat hartzera joandako gizonezko bezero batek egindako eraso matxista salatu du sare sozialen bidez.

Facebookeko bere kontuan zabaldu duenez, erasoa ostiralean, irailaren 21ean, jazo zen, lan egiten duen Azkoitiko zentro pribatuan. Gizonak ordu erdiko masaje bat hartzeko hitzordua hartu zuen, "tentsioak kentzeko", eta berak ematea nahi zuela esan zion emakume gazteari.

"Kontsultara sartu zenean, nigana asko hurbiltzen hasi zen, baina esku-ohea prestatzen hasi eta urrundu egin nintzen. Saioak nola funtzionatzen zuen esplikatu eta gero, guztiz biluzi zen, eta nire parean jarri zen", azaldu du. Gaztearen esanetan, blokeatuta geratu zen, "ez dakit beldurragatik edo egoera oso surrealista zelako".

Fisioterapeutak kontatu du gizona buruz gora etzan zela, eta berak azkar tapatu zuela eskupainuarekin. Gizonak behin eta berriz jaitsi zuen tapakia, eta berriz estaltzen zuela ikusita, ukitzen saiatzen hasi zen, "aurrena eskua, eta gero izterra", erantsi du. Bezeroak esan zion "Bartzelonan masajista batengana" joaten zela, eta berak bazekiela "zer pasatzen zen neska gazte batek gizonezko bat ukitzen hasten zenean". "Saioa nola bukatzen zen" ez ziola azalduko ere gaineratu zion.

Bezeroa kontsultatik atera zenean, negarrez hasi zela adierazi du emakumeak. "Nire bizitza laboraleko ordu erdi luzeena eta txarrena pasatu nuela uste dut. Bera tratatzen nuen bitartean, zikin, ahul eta txiki sentitu nintzen, eta ez nintzen erreakzionatzeko kapaz izan", erantsi du.

Indarkeria matxistaren biktimei egiten zaien presioaz hausnarketa egin du gazteak: "Horrelakoetan konturatzen zara eraso sexualen bat egon dela entzuten duzunean zein erraz esaten dugun guk egoera horretan aurre egingo genukeela. Baina bertan zaudenean, halako blokeoa senti dezakezu ezen erreakzionatzeko kapaz ere ez zaren. Eta hori nire egoera ez dagoela beste egoera askorekin minimoki konparatzerik".

Hala, galdera botatzen du: "Zergatik jarraitu behar dugu emakumeok XXI. mendean horrelako egoerak aguantatzen? Zergatik bizi behar dugu egoera hori berriz emateko beldurrez?". Aitortu duenez, "asko pentsatu eta gero" dena publikatzea erabaki du, "isilik gelditzen ez dugulako ezer ere lortzen eta mundua gero eta kontzienteago izan behar delako emakumeen errealitatea hauxe delako".

___________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Gipuzkoa Salaketak Gizartea Eguneko albisteak Azkoitia Albisteak Matxismoa