Gizartea -

Adikzioen gaineko inkesta 2017

Astero 'botiloia' egiten duten gazteen kopuruak, behera; kalamu kontsumoak, gora

Legezkoak diren bi drogak, alkohola eta tabakoa, dira EAEn gehien kontsumitzen direnak, alde handiarekin gainera. Jokoari dagokionez, kirol apustuak nabarmen hazi dira.

Herritarren % 8,6k erre du kalamua azken 12 hilabeteetan. EiTB
Pertsona bat kalamua erretzen. EiTB
Alkohola eta tabakoa gehien kontsumitzen diren drogak dira Euskadin

1:25

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astero botiloia egiten duten gazteen kopurua lehen aldiz jaitsi egin da, 2012an % 5,1ek egiten zuen bitartean 2017an % 1,1ek egiten zuen. Hala ere, Kalamuak jarraitzen du izaten EAEn gehien kontsumitutako legez kanpoko substantzia. Azken 12 hilabeteetan Euskadiko herritarren % 8,6k kontsumitu du, 2012an % 6,3k kontsumitu zuen bitartean.

Jon Darpon Osasun sailburuak eta Miren Dorronsoro Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak 'Adikzioen gaineko inkesta. Euskadi 2017' txostenaren emaitzak eman dituzte ezagutzera asteazken honetan.

15 eta 34 urte arteko gazteen artean botiloia egiten dutenen kopurua ez da asko aldatu. Azken urtean % 35,2k noizbait egin du (2012an % 38,5ek).

Hala ere, lehen aldiz asko jaitsi da astero botiloia egiten dutenen portzentajea, 2012an % 5,1ek egiten zuen bitartean 2017an % 1,1ek egiten du.

Kalamuak jarraitzen du izaten EAEn gehien kontsumitutako legez kanpoko substantzia. Azken 12 hilabeteetan Euskadiko herritarren % 8,6k kontsumitu du, 2012an % 6,3k kontsumitu zuen bitartean. 2006an, berriz, herritarren % 14k erretzen zuen kalamua.

Bestalde, 15 eta 24 urte bitarteko gazteek gehiago kontsumitzen dute (% 16,4) eta, batez ere, gizonek (% 8,8; emakumeen % 3,7k). Kontsumitzen hasteko adina 18 eta 19 urte artean mantendu da.

Alkohola eta tabakoa, 16 urtetik aurrera

Darponek jakitera eman duenez, orokorrean, herritarren % 81,2k alkohola edan du eta % 25,9k erre egin du azken 12 hilabeteotan. % 15,4k psikofarmakoak hartu ditu. % 8,6k kalamua kontsumitu du eta % 1,9k legez kanpoko beste substantzia batzuk.

2017ko adikzioen gaineko inkestan ere ikus daiteke, psikofarmakoen kasuan ez beste guztietan prebalentziak handiagoak direla gizonen artean.

Substantziak kontsumitzen hasteko adinetan ez dago hainbeste alderik generoen artean. Euskaldunak 16 eta 17 urte bitartean hasten dira edaten eta/edo erretzen. Kalamua 18,6 urte inguru dutenean probatzen dute eta psikofarmakoak 40 urtetik aurrera.

Bestalde, alkoholaren kontsumoari dagokionez, asteko egunaren arabera, alde handiak ikusi dira. Hala, lanegunetan herritarren % 66,5ek abstemioa dela aitortzen duen bitartean, asteburuetan kopuru hori % 33,7ra jaisten da. Bi kasuetan edaten ez duten emakumeak gizonak baino gehiago dira.

Bestalde, gehiegizko kontsumoa edo arrisku-kontsumoa egiten dutenen proportzioa jaitsi egin dela esan Darponek, bai astegunetan (2017an % 0,4, 2012an % 2,5), bai asteburuetan (2017an % 8,1, 2012an % 11,3) ere.

Tabakoaren kontsumoa jaitsi egin da

Tabakoaren kontsumoa asko jaitsi da: pertsona gutxiagok erretzen dute eta hauek gero eta zigarro gutxiago erretzen dituzte, Darponek azaldu duenez.

2008. urteaz geroztik, ohiko kontsumo tasa % 30,5etik 2017ko % 22,1era jaitsi da. Azken 25 urteetako prebalentzia baxuena da. Gainera, erretzaile ez direnak jada % 75,3 izatera heldu dira.

Generoaren arabera, gizonek (% 25,6) emakumeek (% 18,6) baino gehiago erretzen dute; eta adinaren arabera, 45-74 urte bitarteko pertsonek (% 28,2) 15-44 urte bitartekoek (% 20,5) baino gehiago.

Bestalde, “Adikzioen gaineko inkesta. Euskadi 2017” txostenaren edizio honetan, lehen aldiz, zigarro elektronikoaren kontsumoaren datua (% 6) jaso da.

DARPON INFORME ADICCIONES MENPEKOTASUN TXOSTENA EFE

DARPON INFORME ADICCIONES MENPEKOTASUN TXOSTENA EFE

Dorronsoro eta Darpon, prensaurrekoan. Argazkia: EFE

Psikofarmakoen kontsumoak eta jokoak gora egin dute

2017an herritarren % 30ek inoiz hartu dituela adierazi du (2012an % 22,4k). Azken urtean herritarren % 15,7k hartu ditu 2017ko datuen arabera (2012an % 12,4k). Azterketaren arabera, emakumeek gizonek baino gehiago kontsumitzen dituzte, adin-tarte guztietan.

Jokabidezko adikzioei dagokienez, txostenaren arabera, EAEn jokoak gora egin du. Herritarren % 25,7k astero loterietan eta apustutan hartzen du parte, 2012an % 22,4k hartzen zuen bitartean.

Loteriak eta kinielak dira, alde handiarekin, joko-mota zabalduenak. Ondoren, kirol-apustuak agertzen dira. Hauek dira, ordea, azken bost urteetan gehien hazi direnak.

Arrisku-jokabideak dituztenen proportzioa mantendu egiten da: 2017an herritarren % 0,6 (2012an % 0,4). Gero eta pertsona gehiagok jokatzen duten arren, jokorako adikzio-arriskurik erakusten ez dutenen ehunekoa ere handitu egin da: 2017an % 23,7 (2012an % 19,8).

Azterketan ere ikusi da internet gero eta pertsona gehiagok erabiltzen duten arren (2012an % 72,9 erabiltzaile izatetik, 2017an % 85,1 izatera pasatu gara), Euskadiko biztanleen % 5ek baino ez du erakusten arrisku-erabilera edo erabilera problematikoa (2012an % 3k).

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Drogak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak