Gizartea -

IKERKETA

Emakumeek urtean 52 egun gehiago egin behar dute lan gizonen pare kobratzeko

Emakumeak eta laneko pobrezia aztertzeko ikerketa egin du Oxfam Intermon erakundeak, eta, horren arabera, urtean ia bi hilabete gehiago egin behar dute lan emakumeek gizonek beste irabazteko.

Artxiboko irudia.
Artxiboko irudia.
Artxiboko irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakumeen eta gizonen arteko soldata arrakala agerian utzi du, beste behin, Oxfam Intermon gobernuz kanpoko erakundeak gaur argitara eman duen ikerketak. Bertan jasotzen denez, Espainiako Estatuan urtean, batez beste, 52 egun gehiago egin behar dute lan gizonen pare kobratzeko.

'Prekarietatearen kontrako ahotsak: emakumeak eta laneko pobrezia Europan' izenburupean, emakumeek lan munduan jasaten duten bazterkeria salatu du Oxfam Intermonek.

Europar Batasunean gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala txikitzen ari bada ere, oraindik Europako emakumeek gizonek baino % 16 gutxiago kobratzen dute urtean. Espainiako Estatuan % 14koa da aldea.

2010 eta 2017 urte arteko datuak bildu ditu gobernuz kanpoko erakundeak, eta, ondorioztatu duenez, emakumeek etxean egiten dituzten lanorduak ordainduz gero, Espainiako Barne Produktu Gordinaren % 41 izatera iritsiko litzateke kopurua, eta mundukoaren % 13 (10 bilioi euro).

Bestalde, Europako emakumeek astean, batez beste, 22 ordu ematen dituzte etxeko lanak egiten, eta gizonak ez dira 10 ordura iristen.

Chema Vera Oxfam Intermoneko arduradunak esan duenez, emakumeen "lan ikusezinaren gainean" ari da hazten Europa.

Migratzaileak, gazteak eta gurasobakarrak dira, batik bat, Europan egoerarik prekarioenean bizi diren emakumeak.

Egoera larri hau bideratzeko, gobernuz kanpoko erakundeak hainbat neurri proposatzen ditu, tartean, gutxieneko soldata 1.000 eurokoa izatea 2020rako. Enpleguaren behin-behinekotasuna jaistea ere ezinbestekotzat jo du, emakumeen egoera hobetzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europa Lana Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna Gutxieneko soldata Gobernuz kanpoko erakundeen albisteak