Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gorenak erasotzaile baten zigorra luzatu du lehen aldiz 'genero larrigarriagatik'
Auzitegi Gorenak genero larrigarria aztertzen duen lehen aldia da, eta ebazpenak bidea markatzen du gainerako kasuentzako.
agentziak | erredakzioa
Auzitegi Gorenak 5 urtetik 8ra igo du gizonezko baten zigorra "genero larrigarria" ezarrita. Gizonak emakumea sastatu zuen eta itotzen saiatu zen. Horrez gain, sakelako telefonoa kendu zion beste gizon batekin hitz egiten ari zelakoan, eta hau esan zion: "Nirea ez bazara, ez zara inorena". Auzitegiaren arabera, horrek dominazio saiakera uzten du agerian, eta horregatik ezarri dio larrigarria.
Auzitegi Gorenak genero larrigarria aztertzen duen lehen aldia da, eta ebazpenak bidea markatzen du gainerako kasuentzat, auzitegiko iturrietatik jakitera eman dutenez.
Zigor Aretoak fiskalaren helegitea aintzat hartu du, eta larrigarria ezarri du zeren uste baitu agerikoa dela "akusatuak biktima dominatzeko saiakera" egin duela. Auzitegiaren hitzetan, akusatuak uste du emakume hori ez dela gai "bizitzako arlo pertsonal eta intimoetan erabakiak hartzeko" eta ez duela "inolako errespeturik merezi", eta hor ikusten du dominazio edo menperatze ahalegina.
Nirea ez bazara, ez zara inorena
Erasoa komun batean gertatu zen. Gizonak uste zuen emakumea beste gizon batekin ari zela telefonoz hitz egiten eta, horregatik, sakelako telefonoa kendu zion, labana hartu zuen eta labankadak eman zizkion "nirea ez bazara, ez zara inorena" oihukatzen zion bitartean.
Auzitegi Gorenak Segoviako Lurralde Auzitegiari eman dio arrazoia. Azken horrek emandako ebazpenaren arabera, "kontrol eta jelosia egoeraren baitan" egin zuen gizonak, "biktima erabat menpe zuela". Dena dela, Segoviako Lurralde Auzitegiak emandako zigorra jaitsi du Gorenak (zortzi urtetik, sei urte eta erdira).
Gaztela-Leongo Auzitegi Nagusiak, ordea, ez zuen genero larrigarria aintzat hartu. Epaian jaso zuenez, gizonak ez zuen "biktima mespretxuz eta diskriminazioz tratatu emakume izateagatik bakarrik". Auzitegi horrek bost urteko kartzela zigorra ezarri zion erasotzaileari, baina Fiskaltzak helegitea jarri zuen. Errekurtso hori aintzat hartu du orain Gorenak.