Gizartea -
AP-1 AUTOBIDEA
AP-1 autobideko Gurutzetxiki tunela itxi dute, segurtasun ariketa bat egiteko
Hori dela eta, AP-1 autobidea itxita egongo da 09:00etatik 14:00etara Eskoriatza eta Arrasate artean, bi noranzkoetan.
AGENTZIA | ERREDAKZIOA
Bidegik segurtasun ariketa bat egingo du gaur Gurutzetxiki tunelean. Hori dela eta, AP-1 autobidea itxita egongo da Eskoriatza eta Arrasate artean, bi noranzkoetan, 09:00etatik 14:00etara.
Gipuzkoako Azpiegituren Agentziak ohar bidez jakinarazi duenez, 2004/54/CE Europako Parlamentuko eta Kontseiluko Zuzentaraua beteaz egingo du simulakroa. Horren arabera, Europa Barneko Errepideen Sareko 500 metroko luzera baino gehiago duten tuneletan segurtasun-probak egin behar dira.
Eibarrerako noranzkoan, 09:00etatik 14:00etara izango da mozketa, eta Eskoriatzako sarbidea itxita egongo da noranzko horretan. Gasteizerako bidean, ostera, 10:00etatik 13:00etara egingo da mozketa, eta Arrasateko sarrera itxita egongo da noranzko berean.
Errepidea itxita dagoen bitartean, AP-1ean Gasteiztik Eibarrera doanak Eskoriatzako 123 irteeran atera beharko du autobidetik eta GI-626 errepidetik jarraitu Arrasateko ordainlekuraino. Alderantziz, Gasteizerantz doanak Arrasateko 130 irteera erabili beharko du eta GI-626 errepidetik Eskoriatzako ordainlekura segi autobidera berriro sartzeko.