Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Bi emakume sastadaka hil dituzte bikotekideek
Bi kasuak kontuan hartuta, dagoeneko sei emakume hil dira aurten Estatuan emakumeen kontrako indarkeriaren ondorioz.
Erredakzioa
44 urteko emakume bat arma zuri batez eragindako zaurien ondorioz hil da Villacarrilloko alkate-auzoan. Erruduna, ustez, bikote ohia izan da eta Poliziak atxilotu egin du.
10:00ak aldera, bikoteak eztabaida izan du etxean. Banatzeko izapideak hasita zituzten eta eztabaidan hasi eta denbora gutxira gizonak sastada eman dio emakumeari alaba baten aurrean.
Guardia Zibilak jakitera eman duenez, atxilotua A.G.A da, 47 urtekoa, eta hildakoa R.M.F, 44 urtekoa. Bi alaba zituzten, 22 eta 25 urtekoak.
Beste kasua, Ciudad Realen
43 urteko emakume bat Campo de Criptanan, Ciudad Realen, hil da ustez senarrak emandako sastaden ondorioz. Senarrak zauri larriak ditu emaztea hil ondoren bigarren pisuko balkoitik salto egin eta bere buruaz beste egiten saiatu duelako.
Santiago Lucas-Torres herriko alkateak jakinarazi duenez, salto egin aurretik, gizonak arrebari deitu dio gertatutakoa azaltzeko.
Emakumea, J.M.M., 14:15ak aldera hilda aurkitu dute, lepoan zauriak zituela, etxebizitza barruan. Hori ikusita, lepoa moztu diotela uste du Poliziak. Gizonak, M.A.T.S., kalean aurkitu dute, zauri larriekin.
Igandeko bi kasuak kontuan hartuta, dagoeneko sei emakume hil dira aurten Estatuan emakumeen kontrako indarkeriaren ondorioz; lehenengoa hilaren 13an izan zen eta azkena hilaren 26an.