Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Bost lagun epaituko dituzte Cordovillan emakume bat hiltzea leporatuta
Prozesua otsailaren 7an amaituko dela aurreikusi dute. Prostituitzera behartu zutela salatu ostean hil zuten Yamiled Giraldo.
Erredakzioa
2009ko apirilaren 25ean Cordovillan Yamiled Giraldo hiltzea leporatuta auziperatutako bost lagunek gaur deklaratuko dute Nafarroako Lurralde Auzitegian.
Epaiketa otsailaren 7an amaituko dela aurreikusi dute eta bost auzipetuen deklarazioarekin hasiko da.
Fiskaltzak 150 urteko kartzela-zigorra eskatu du orotara Yamiled Giraldo hiltzea egotzita. Ustez emakumeak prostituitzera behartu zutela eta sexu-gehiegikeriak egin zizkiotela salatu zuelako hil zuten.
Orduan, Giraldo eta beste emakume batzuk salaketa horien biktima izan zirela erabaki zuten, eta Jose L.L.ri kartzela-zigorra ezarri zioten.
Hori horrela, Fiskaltzaren esanetan, Jose L.L.k, Iruñeko Kartzelan zegoenean, Giraldo hiltzea erabaki zuen eta hiru pertsonari dirua ordaindu zien emakumea hil zezaten.
Fiskaltzaren arabera beti ere, Jose L.L.k Pedro Andres G.P.ri kontatu zion plana eta horrek Karlos I.M.ri.
Azken horrek Nira A.M.ri dirua eskaini zion Giraldo aurkitzearen truke, eta horretarako datuak eman zizkion eta Rodrigo S.S.rekin harremanetan jartzeko esan zion, berak hil zezan Giraldo.
Azkenean, aipatu iturriek azaldu dutenez, 2009ko apirilaren 23an Nirak eta Rodrigok Giraldori deitu zioten, Cordovillako etxebizitza batera joan zedin estetika lanak egitera.
Giraldo bere 14 urteko semearekin bertara iritsi zenean, Rodrigok tiro egin zion eta alde egin zuen.
Fiskaltzak 46 urteko kartzela-zigorra eskatu du azken horrentzat eta 44 urtekoa Nira A.M.rentzat. Jose L.L.rentzat 22 urteko kartzela-zigorra eskatzen du eta Pedro Andres G.P.rentzat eta Karlos I.M.rentzat 19 urteko zigorrak. Era berean, kalte-ordainak eskatu ditu Giraldo zenaren senarrarentzat eta seme-alabentzat.