Gizartea -
Gatazka
Metroak Galdakaon ezarritako anezka geldiarazi du berriro Aldundiak
Aldundik garraio-ikuskatzaileek Galdakao eta Etxebarri arteko joan etorria egiten ari ziren hiru autobusak geldiarazi dituzte. Erabakiak erabiltzaileen haserrea piztu du.
Erredakzioa
Ertzaintzaren agenteek, Bizkaiko Aldundiak aginduta, Metro Bilbaok goizean berrezarri duen anezka geldiarazi dute.
09:15 aldera, Aldundiko garraio-ikuskatzaileek ertzaintzaren agenteek lagunduta joan etorria egiten ari ziren hiru autobusen zerbitzua eten dute eta barruan zihoazen bidaiariak aterarazi dituzte.
Tentsio eta nahasmen handiko uneak sortu dira. Bidaiari gehienak ikasleak eta lanera zihoazen langileak ziren, Radio Euskadik euren testigantzak jaso ditu. "Guk ez dugu gatazka honetan errurik, baina ardurak ditugu, lanera joan behar dugu... " adierazi du haserre erabiltzaie batek. Gertatzen ari dena "tamalgarria" dela&' || 'nbsp; salatu du beste batek.
Aldundiaren debekua
Galdakao erdigunetik Etxebarriko metro geltokirako anezka 07:00etan berrezarri du Metro Bilbaok, baina bi ordu besterik ez ditu iraun zerbitzuak. Bizkaiko Aldundiak atzo egin bezala zerbitzua bertan behera uzteko agindua eman baitu.
Zerbitzu horietarako indarrean dagoen araudia ez duela betetzen dio Aldundiak. Atzo ohar batean adierazi zuenez, Aldundiko Garraio eta Hirigintza Sailak behin baino gehiagotan eman die egoeraren berri Metro Bilbaoko ordezkariei eta hauek "entzungor" egin dute.
Zerbitzu horiek ezartzeko eskumena duen erakunde publikoa Aldundia dela gaineratzen da komunikatuan eta "Metro Bilbaok zerbitzu hau emateko deitu zuen lehiaketa publikoaren baldintzen pleguan hala jasotzen da", azaldu dute.