Gizartea -

Gatazka

Metro Bilbaok auzitara jo lezake Galdakaoko anezka dela eta

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Metro Bilbaoko presidenteak ohartarazi du auzitara joko dutela gaur ere Bizkaiko Aldundiak Galdakaoko anezkaren funtzionamendua galarazten badu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ernesto Gasco Metro Bilbaoko presidenteak negoziatzeko deia egin dio gaur Bizkaiko Aldundiari. Izan ere, atzo Galdakaoko autobus anezkaren funtzionamendua galarazi egin zuen.

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan gaur goizean egindako elkarrizketa batean, Gascok adierazi du Aldundiaren erabakia "arbitrarioa", "politikoa" eta "neurrigabea" dela. Horrenbestez, gaur Aldundiak zerbitzua berriz galarazten badu, auzitara joko dutela ohartarazi du.

Metro Bilbaoko presidenteak azaldu du euren "asmoa" Galdakaoko herritarrei "zerbitzua ematea" dela, eta hori lehenetsi behar dela "desadostasun juridikoak" alde batera utzita.

"Azkenean, kaltedunak herritarrak dira. Beste konponbide batzuk bilatu nahi badituzte, prest gaude hitz egiteko, baina betiere esparru legalaren baitan", esan du.

Galdakaoko erdigunea eta Etxebarriko metro geltokia autobusez lotzen dituen anezka berriz abiatu dute gaur goizean, atzo Aldundiak debekatu egin bazuen ere. Lehen autobusa 07:00etan abiatu da.

Atzo, Bizkaiko Aldundiak adierazi zuen "behartuta" egon dela zerbitzua etetera, araudia urratzen duelakoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea