Gizartea -
Eusko Jaurlaritza
70.500 etxebizitza zaharberrituko ditu Jaurlaritzak lau urtetan
Laguntza hauek ematerako orduan, lehentasuna erabateko obrek izango dute, eta bereziki energia aurrezteko eta oztopo arkitektonikoak kentzeko egiten diren berritze lanek.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak 70.500 etxebizitza zaharberrituko ditu 2013 bitartean, gaur Iñaki Arriola sailburuak iragarri duenez. Laguntza hauek ematerako orduan, lehentasuna erabateko obrek izango dute, eta bereziki energia aurrezteko eta oztopo arkitektonikoak kentzeko egiten diren berritze lanek.
Arriolak azaldu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzen bi herenak 50 urte baino gehiago dute, eta berriztatu behar dira (gutxi gora behera 326.000 etxe).
Iaz, Jaurlaritzak 19.500 etxe zaharberritzeko diru laguntzak eman zituen. Aurten beste 17.400 birgaituko dituzte.
Arriolaren hitzetan, eraikinak birgaitzeko plan honi esker, "hirigunean berritu ahala, etxebizitzen eskaintza areagotuko da, parke eraikia eraberrituz".
2011. urtean, 17.400 etxebizitza birgaituko dira, eta, guztira, 70.500 etxebizitza berriztatuko dira. Horietatik 2.400 etxebizitzak elementu komunen birgaitze integrala jasango dute, inguratzaile energetikoaren hobekuntzari nahiz irisgarritasun-baldintzei eraginez.Berriztatzearen bidez, 8.730 etxebizitzatan murriztu nahi da etxebizitza berrien beharra.
Jaurlaritzaren asmoa neurri horien bidez "herritarrek etxebizitza duina izatea eta beren bizi-baldintzak hobetzea da, baina, aldi berean, etxebizitza hutsa mobilizatu nahi du".
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saileko Estatistika Organoak 2009ko Etxebizitza Hutsari buruz egindako Estatistikako azken datuen arabera, 2009an 74.289 etxebizitza huts zeuden Euskal Autonomia Erkidegoan. Hau da, 29.511 etxebizitza dira bigarren egoitzakoak edo aldi baterakoak.
Horrenbestez, Euskadin bizilagunik gabe dauden etxebizitzak 45.000tik behera dira guztira, hots, erroldatutako parkearen % 4,6.
Etxebizitza huts guztien % 17 eskaintzan dago, bai alokatzeko, bai saltzeko. Hori dela eta, kudeatu daitezkeen etxebizitzen kopurua, edo, bestela esanda, bizilagunik izan ez baina saltzen edo alokatzen ez diren etxebizitzen kopurua, 31.000 ingurukoa da.
Eremuen araberako erabilerei dagokienez, etxebizitza hutsen % 21 (hau da, 15.623 etxebizitza) 2.500 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan daude eta % 12, aldiz, 2.501 eta 10.000 biztanle arteko udalerrietan.
Ondorioz, udalerri handietan, eta, bereziki, hiru hiriburuetan dagoen etxebizitza hutsen "kopuru baxua" oso esanguratsua dela uste du Jaurlaritzak. Izan ere, etxebizitza hutsen % 8,5 (13.730 etxebizitza) soilik daude hiriburuetan. Vitoria-Gasteizen etxebizitza guztien % 4,63 (4.674) osatzen dute, Donostian % 4,3 (3.578) eta Bilbon proportzioa % 3,6koa da (5.519).
Baina azpimarratzekoa da, batez ere, etxebizitza hutsen % 82 1985 baino lehenagokoak direla eta horietatik % 50 1965 baino lehenagokoak eta % 25 1959 baino lehenagokoak.
Ondorioz, etxebizitza zaharrak dira eta, askotan, ez dira egungo beharretara eta familia-ereduetara egokitzen. Orokorrean, etxebizitza ertain edo txikiak dira, baina gela asko dituzte. Etxebizitzen ia erdiak bost gela edo gehiago ditu, eta, beraz, prezioak eta gelak ez dira eskarira egokitzen.
Horrenbestez, datu horiek berretsi egiten dute Etxebizitza Saila jorratzen ari den politika, etxebizitzen birgaitzea sustatzeko. Hiria berritzeko eta irisgarritasuna hobetzeko laguntza eta programen bidez, egungo higiezinei balioa eman nahi zaie, etxebizitzak erakargarri bihurtzeko eta alokairu eta erosketen merkatura ateratzeko.