Gizartea -
Europako mendiak
Gorlizko eta Donostiako bi eskalatzailek orduak eman dituzte paretan zintzilik
Peña Fresnedillo (1.477 metro) igotzen ari ziren, zailtasun handiko ‘Via buitres’ izenekotik. 180 metroko altueran zintzilik geratu ziren.
eitb.eus
Guardia Zibileko eta Asturiaseko Larrialdi Zerbitzuaren erreskate talde batek Gorlizko (Bizkaia) eta Donostiako bi eskalatzaile erreskatatu zituen bart Europako mendietan. Zortzi bat ordu zintzilik eman zituzten Peña Fresnedilloko pareta batean.
Ostiraleko haize-ufada bortitzek erreskatea airetik egitea eragotzi zuten. Ondorioz, Asturiaseko bi suhiltzailek, lau guardia zibilen laguntzarekin, lurretik soka askatu eta bi gazteak paretatik jaistea lortu zuten 23:00ak aldera.
Mendizaleek beraiek, 23 urteko emakumeak eta 30 urteko gizonak, Asturiaseko larrialdi zerbitzuei abisua eman zieten. Peña Fresnedillo (1.477 metro) igotzen ari zirela, zailtasun handiko 'Via buitres' izenekotik, sokak korapilatu zitzaizkiela azaldu zuten deian.
Asturiaseko larrialdi zerbitzuak jakitera eman duenez, 180 metroko altueran zintzilik geratu ziren, Fresnedilloko paretaren erdibidean. Parajea Sotresen dago, Arenas de Cabralesetik kilometro gutxira, Europako mendien bihotzean.
Hiru saiakera egin ondoren, azkenean, helikopteroa ezin izan zen mendizaleengana hurbildu, haize-bolada bortitzek astindu zutelako. Eskalatzaileak lurretik erreskatatzeko erabakia hartu zuten, Guardia Zibilaren Cangas de Oniseko mendiko taldearen laguntzarekin.
Suhiltzaileak paretaren oinarritik igotzen hasi ziren gauean, eta lau luze atondu ondoren, zintzilik zeuden eskalatzaileenganaino heldu ziren.