Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon batek Elena Loyo jazarri du Murgian, atleta entrenatzen ari zenean
'Ibilgailu batek atzetik' etorri zaiola eta 'ozta-ozta' libratu dela salatu du kirolari arabarrak. Are gehiago, jarraitzen zion gizonaren datu zehatzak eman ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Murgian (Araba) entrenatzen ari zela gizon batek jazarri duela salatu du larunbat honetan Elena Loyo atletak.
Emakumeei zuzendutako mezu bat zabaldu du Loyok Facebook sare sozialaren bidez, eta "ibilgailu bat atzetik" etorri zaiola eta "ozta-ozta libratu" dela azaldu du.
"Mesedez, inork gaizki pasatzea edo zerbait okerragoa gertatzea ez dut nahi, asmo onik ez zuela uste baitut", erantsi du atleta arabarrak. Europako Txapelketan, Berlinen, taldeka brontzezko domina eskuratu zuen Loyok iragan abuztuan. Loyoren entrenatzailea Marin Fiz da.
SEAT Leon auto urdin batean jarraitzen zion gizonaren datu zehatzak eman ditu korrikalariak. Matrikularen zenbakiak ere zehaztu ditu.