Gizartea -

Martxoaren 1etik aurrera

Doako Bizkaibus batek lotuko ditu Galdakao eta Basauriko metroa

Jose Luis Bilbaok jakinarazi duenez, Bizkaibuseko linea berezi batek Galdakaoko eta Arizeko (Basauri) geltokiak elkartuko ditu metroko erabiltzaileentzako doako autobus baten bitartez.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Bilbao Bizkaiko aldun nagusiak herritarrei barkamena eskatu die Etxebarriko eta Galdakaoko metro geltokien arteko autobus-zerbitzua bertan behera uzteagatik. Halaber, martxoaren 1etik aurrera Bizkaibusek doako zerbitzua eskainiko du Basauriko Ariz metro geltokiaren eta Galdakaoren artean.

Joan den astelehenean zabaldu zuten Etxebarri eta Galdakao arteko anezka, baina inauguratu eta ordu gutxira Foru Aldundiak bertan behera utzi zuen zerbitzua legez aurkakoa zela argudiatuz. Atzo gauza bera gertatu zen eta ez zen zerbitzurik izan. 2016an helduko da metroa Galdakaora.

Era berean, Bilbaok prentsaurrekoan iragarri duenez, Foru Aldundiak Metro Bilbaoko kudeatzaileak epailearen aurrera eramango ditu, Etxebarri eta Galdakao arteko anezkaren esleipena legez kontrakotzat jotzeagatik.

Bestalde, Metro Bilbaok agiri baten bitartez proposatu du Etxebarri eta Galdakao arteko autobus-zerbitzua mantentzea eta esleitu zitzaion enpresak berak eta Bizkaibuseko esleipendunak egitea.

Bilbaok barkamena eskatu du anezka dela eta, emandako "ikuskizun penagarriagatik", eta herritarrei "berea ez den" arazoa helarazi izanagatik.

Bilbaoren hitzetan, Foru Aldundiaren "akatsa" izan da herritarrei zerbitzua ez zela aterako eta "legez galaraziko genuela" abisatu ez izana.

Joseba Escribano (EAJ) Galdakaoko alkatea ere prentsaurrekoan izan da, eta "pozik" agertu da "orain bai" zerbitzua dagoelako. Galdakaoko alkatearen hitzetan, anezkaren zerbitzua "onerako" izango da udalerriarentzat, eta betiere, Metro Bilbaok proposatutakoa baino hobea.

Basaurik ez du autobus-zerbitzua onartzen

Iñaki Martinez Basauriko alkateordearen hitzetan, zirkulazio arazo handiak sortuko ditu herrian Foru Aldundiaren proposamenak.

Iñaki Martinezek ohar batean zabaldu duenez, Etxebarriko metro geltokia "intermodala" da eta "beharrezko segurtasun neurriak" betetzen ditu ibilgailu horiek aparkatzeko.

Dena den, autobus horiek ez lukete Etxebarriko alde zaharra zeharkatuko, izan ere, "Lezama Legizamongo industrialdera heldu eta bertatik aterako lirateke".

Iñaki Martinezentzat, Foru aldundiaren proposamenak giroa "berotzen jarraitzeko" helburua dauka.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea