Gizartea -

Eguraldia

Prezipitazio handiek arazo ugari eragin dituzte euskal errepideetan

21:00ak arte egongo da indarrean abisu horia Euskadin. Fronteari loturiko zaparradak ugarituz eta indartuz joango dira, batez ere eguerdi partean eta arratsaldeko lehen orduetan.

Zeru iluna eta euri zaparradak utzi ditu igandeak

1:16

Eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euriak zenbait arazo eragin ditu euskal errepideetan igande goiz honetan, eta hainbat tokitan urak gainezka egin du eta arazoak sortu dira. Prezipitazio handien eraginez, lau pertsona zauritu dira Iruña Okan izandako zirkulazio istripu batean. Arabako Foru Suhiltzaileek jakitera eman dutenez, 12:00k aldera hiru ibilgailuk elkarren aurka talka egin dute AP-1 autobidean, Irungo noranzkoan, oraindik argitzeke dauden arrazoiak direla eta.

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak azaldu duenez, istripu horren eraginez bi errei itxi behar izan dituzte, eta hiru kilometrorainoko auto-ilarak sortu dira.

Halaber, 7 kilometrorainoko auto-ilara handiak egon dira AP-8 autobidean, Irungo bidesariaren parean, Kantabriarako noranzkoan.

Bestalde, prezipitazio handien eraginez Bilboko hainbat kaletan sortu diren zenbait arazoetan lan egin behar izan dute Bizkaiko suhiltzaileek eta Bilboko Udaltzaingoak.

Bizkaiko DYA erakundeko anbulantzia batek istripua izan du Bilboko Kastrexana auzoan, Sodupen (Bizkaia) pertsona bat artatu ostean.

Azken orduotako euri-jasa handiek ur-putzu handiak utzi dituzte euskal errepideetan. Arrazoi horregatik, abiadura moteltzeko aholkatu die trafiko zuzendaritzak gidariei. Larrialdi Zerbitzuak azaldu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) kaleetan eta errepideetan ur-putzuek eragindako arazoekin zerikusia izan duten 53 gertakariren berri izan dute goizean.

Hegaldi bat desbideratu dute

Loiuko aireportuan lur hartu behar zuen Lufthansa konpainiaren hegaldia Valladolideko aireportura desbideratu dute haizearen eraginez, AENAk jakitera eman duenez.

Hegazkina Munichetik (Alemania) zetorren, eta 10:45 inguruan iritsi behar zen Bilbora. Alabaina, eguraldiaren eraginez Valladolidera desbideratu behar izan dute.

Abisu horia

Goizeko lehen ordutik oso nabaria izan da eguraldiaren aldaketa. Izan ere, goizaldean zerua hodeituz joan da, eta prezipitazio handiekin batera tenperaturek behera egin dute nabarmen. Fronteari loturiko zaparradak ugarituz eta indartuz joango dira, batez ere eguerdi partean eta arratsaldeko lehen orduetan. Ekaitzak ere gogor jo dezake zenbait tokitan metro koadroko 20 litro ur baino gehiago pilatu daitezke ordubetean, bereziki ekialdean.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du igandeko 21:00ak arte Euskadin, prezipitazio iraunkorrak izango direla iragarri baitute. Gauzak horrela, zerua oso hodeitsu eta estalita egongo da egun osoan zehar.

Datozen orduei begira, haizea ipar-mendebalderantz aldatuko da. Aldaketa horrek haize-bolada bortitzak utziko ditu kostaldean. Zaparrada handiak espero dira, batez ere eguerdi partean eta arratsaldeko lehen orduetan. Noizbehinka ekaitzak jo dezake, eta, orokorrean, tenperatura asko jaitsiko da.

Gauzak horrela, Bizkaian eta Araban ordubetean metro karratuko 20 eta 40 litro artean pilatu daitezke, eta Gipuzkoako ekialdean, berriz, 60 litro biltzera iritsi daitezke.

Bestalde, Hernaniko (Gipuzkoa) Lastaola industrialdean atzo behera etorri zen zubiak Urumea ibaiaren ibilguaren gainean utzitako hondakinak garbitzen ari dira beharginak, ur-goraldietan ez buxatzeko.

 

Leslie zikloiaren iritsiera Barakaldora, time-lapse formatuan
Leslie zikloiaren iritsiera Barakaldora, time-lapse formatuan
Leslie zikloiaren iritsiera Barakaldora, time-lapse formatuan

0:36

 

Alerta laranja ezarri dute Nafarroan

Nafarroan euri-jasak eta haize-bolada bortitzak utzi ditu Leslie zikloiak penintsularen iparraldean eta ekialdean. Halaber, beste fronte aktiboen presentziak euri-jasa oso bortitzak utzi ditzake, eta zenbait tokitan 50 litro metro karratuko pilatu daitezke ordubetean.

Espainiako Gobernuko Barne Ministerioko Babes Zibilak agiri batean azaldu duenez, Nafarroan prezipitazio iraunkorrengatik ezarri duten alerta laranja goizaldera arte egongo da indarrean.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, momentuz ez da ezer larririk gertatu, nahiz eta Leslie zikloiak prezipitazio handiak utzi dituen.

Larrialdi zerbitzuak "kontu handiz" ibiltzeko deia luzatu die herritarrei, bereziki haize-ufada zakarrak espero diren orduetan kalera irten behar izanez gero.

Foruzaingoak "oinarrizko aholku" batzuk zabaldu ditu sare sozialen bidez eta, besteak beste, zuhaitz ugari dauden tokietatik ibili ez daitezen eskatu die nafarrei.

Bost erromes erreskatatu dituzte Izandorren

Larrialdi zerbitzuek Izandorreko aterpetik gertu galduta zeuden bost erromes korear erreskatatu behar izan dituzte igande arratsalde honetan, eguraldi kaskarra tarteko ezin izan baitute haien ibilbidearekin jarraitu.

Erromesek 15:00ak aldera eman dute abisua, eta lekura suhiltzaileak hurbildu dira, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez. Orreagaraino eraman dituzte bostak, baina ez da inor zauritu.

Beste alde batetik, goizean Aralar mendilerroan azaldu den lainoaren eraginez galdu diren bi mendizale erreskatatu behar izan dituzte suhiltzaileek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Donostia argazkiak Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gipuzkoako albisteak Nafarroa gaur Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Denboraleak argazkiak Eguraldia Bilbao Gizartea Albisteak Gaur Gasteiz berriak Albisteak Urakan gaur Ekaitzak albisteak