Gizartea -

Indarkeria matxista

25 urteko gazte bat atxilotu dute Gasteizen bikotekidea parke batean jipoitzeagatik

Erasoa Jose Mardones kalean gertatu zen, igandean. Erasotzaileak emakumea hankekin jo zuen bularrean eta sorbaldan.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

25 urteko gizon bat atxilotu dute Gasteizen, bikotekidea lurrera botatzea leporatuta. Emakumea parke batean eserita zegoen lagun batekin. Erasotzaileak emakumea hankekin jo zuen bularrean eta sorbaldan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Erasoa Jose Mardones kalean gertatu zen igandean, 07:00ak aldera. Partikular batek erasoaren berri eman zion Ertzaintzari. Ertzainak berehala bertaratu ziren.

Lagun batekin eserleku batean zegoela, bikotekidea iritsi eta eraso egin ziola azaldu zien biktimak ertzainei. Emakumea ospitalean artatu behar izan zuten.

Alboko kale batean erasoaren egilea aurkitu eta atxilotu zuten ertzainek, genero indarkeria delitu bat egotzita. Ondoren, atxilotua epailearen esku utzi zuten Gasteizko guardiako epaitegian.

______________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Indarkeria matxista Delituak Gizartea Gasteiz Matxismoa Feminismoa