Gizartea -
IRUÑEA
Iruñeko etxe batean piztutako sutea genero indarkeria kasu gisa ikertzen ari dira
Emakumearen kontrako indarkeria lantzen duen epaitegiaren esku geldituko da instrukzioa. Sumarioa sekretupean dago. Guztira sei pertsona zauritu ziren, horietako bi larri.
EITB.EUS
Iruñeko alde zaharreko etxebizitza baten astearte goizaldean piztutako sutea genero indarkeria kasu gisa ikertzen ari dira, iturri judizialek jakinarazi dutenez. Sutearen ondorioz, guztira sei pertsona zauritu ziren, horietako bi larri. Emakumearen kontrako indarkeria lantzen duen epaitegiaren esku geldituko da instrukzioa. Sumarioa sekretupean dago.
Larri dauden bi pertsonak, kiskali zen Kale Nagusiko 55. zenbakiko etxebizitzan bizi ziren bikotekideak dira.
50 urteko emakumea Zaragozako Miguel Servet ospitaleko erredura handien unitatean dago, larri. 47 urteko gizona, ostera, Nafarroako Ospitale Guneko zainketa intentsiboetako unitatean dago. Biek ala biek erredura larriak dituzte.
Antza denez, gizona ikertzen ari dira sutearen eragilea izan daitekeelakoan.
___________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.