Gizartea -

Ekainetik aurrera

Jaurlaritzak mendi-erreskateak kobratuko ditu, zabarkeriaz jokatu bada

Kirol arriskutsuak egiteagatik edota arduragabekeriaz jokatzeagatik egin beharreko erreskateak 3 mila eta 50 mila euro artean ordaindu beharko dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekainetik aurrera kirol arriskutsuak egiteagatik edota arduragabekeriaz jokatzeagatik egin beharreko erreskateak kobratuko ditu Eusko Jaurlaritzak, hala adierazi du, Raul Fernandez de Arroiabek, Herrizaingo Saileko Sailburuordeak.

Fernandez de Arroiabek prentsaurrekoan esan duenez, urtero, batez beste, 98 erreskate eta 81 bilaketa egiten dira mendian. Segurtasun indarrak arriskuan jartzen dituztela adierazi du eta guztira 3 milioi euro inguru erabiltzen direla. "Eztabaida ez da ordaintzea edo ez, erreskate guztiak ordaintzen baitira. Eztabaida nork ordaindu behar duen da: kirol arriskutsua egin duen horrek edota hiritar guztiek", gaineratu du Fernandez de Arroiabek.

Tasa eta prezio publikoen Legea indarrean sartzen denean jarriko dute abian neurria, hau da, ekainetik aurrera. Batez beste, 3 mila eta 50 mila euro artean ordaindu beharko da.

Jokaera zigorgarriak

Neurria arrisku kirolak egiten dituztenei ezarriko zaie eta euren eskuetan ez dauden bestelako arrazoiren batengatik mendian galdu edota istripua izan dutenen erreskateak ez dira kobratuko.

Ezbeharrak Herrizaingo sailetik eginten diren meteorologia oharrei jaramonik ez egiteagatik gertatzen badira edota ekipamendu egokirik gabe eta zabarkeriaz jokatzeagatik sortzen badira, kasu horietan, ordaindu egin beharko da.

Azken 15 urteetako balantzea

Herrizaingo Sailak azken 15 urteetako balantzea egin du. Ikerketaren arebera bikoiztu egin dira erreskateak, mendi jarduerak "masifikatu" direlako batipat.

Mendian egin behar izaten dute erreskate gehien, normalean erorikoren bat izan delako. Bilaketak, berriz, desbideratu edota orientazioa galtzeagatik izaten dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea