Gizartea -

Gasteiz

Futbol talde batek seme autistari jokatzen uzten ez diola salatu du ama batek

Emakumearen arabera, C.D Betoño taldeak 'arrazoi objektiboak' aipatu ditu umeari 'fitxa ez egiteko'. Klubak dioenez, ordea, ez dute adingabea taldetik bota, eta entrenatzen jarraitzea nahi dute.

Ume bat, futbol entrenamendu batean. Argazkia: Pixabay
Ume bat, futbol entrenamendu batean. Argazkia: Pixabay
Ume bat, futbol entrenamendu batean. Argazkia: Pixabay

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zuriñe Asensi autismoak jotako Gasteizko ume baten amak salatu duenez, oinarri-futboleko C.D Betoño taldeak ez dio semeari "fitxa egin nahi", partidak jokatu ahal ditzan. Asensiren arabera, "partidak jokatzea da semearen ilusio handiena". Klubak, berriz, haurra kanporatu ez duela azpimarratu du, eta eurekin "entrenatzen jarraitzea" nahi dutela azpimarratu du.

Emakumeak Facebooken duen profilean asteazkenean argitaratutako mezu batean salatu du gertatutakoa. Horren hitzetan, Mikel semea joan den ikasturtetik ari da futbol taldean entrenatzen, eta tarte horretan, ez du partidarik jokatu. "Ez du besteek baino okerrago egiten... bertatik bertara ikusi dut, ez dit inork kontatu", azaldu du.

Emakumeak salatu duenez, asteartean WhatsApp bidezko mezu bat bidali zion taldeko koordinatzaileak "entrenatzen jarraitzea" erabaki dutela esanez, "baina partidak jokatu gabe". Arratsalde horretan, koordinatzailearekin, klubaren zuzendaritzako kide batekin eta entrenatzailearekin bildu zen. "Adingabekoa baztertzeko eta fitxarik ez egiteko arrazoi objektiboak" arrazoitu zituzten.

"Hauek al dira toki honetan umeei irakasten dizkieten baloreak? Noiz arte egon daiteke mota honetako jendea dagoen tokian, haurrekin lanean?", galdetzen du Asensik. "Suposatzen da adin honekin ez dutela soilik irabazteko jokatzen. Horrela balitz, eta jokalari txarra izan arren, ez lukete bere erruagatik galduko", dio emakumeak.

Asensik adierazi duenez, klubaren erabakia ezagutzean, Mikel semeak "humanoa den inork jasan dezakeen modu batean egin zuen negar", bere buruari galdetuz "zer egin zuen gaizki" edo "maniako bat izateagatik ez duten maite".

Amak egoera horrela bukatzea deitoratu du: "taldean onartua izan nahi duen eta uzten ez dioten umea, suntsituta, autoestimua lurrean, ez daukan errua bilatzen, eta 'ametsa lapurtu didate' esanez".

"Gurekin entrenatzen jarraitzea nahi dugu"

CD Betoñoren bertsioa izateko, klubarekin hitz egin du eitb.eus-ek. Taldearen iturrien arabera, klubak ez du adierazpen ofizialik egingo, "adingabe bat tartean dagoelako". Hala ere, orain arte "oso gustura" zegoen familiarekin harremanetan izan direla esan du klubak, eta "behar beste" hitz egiteko prest daudela

Nabarmendu dutenez, taldeak "ez du Mikel joatea nahi". "Gurekin entrenatzen jarraitzea nahi dugu. Ez da egia kanporatu dugunik; kontrakoa, geratzea nahi dugu".

Emakumearen erantzunagatik galdetuta, klubaren partetik "komunikazio akats bat" egon ahal izan dela onartu dute, familiarengan "itxaropena" sortu duena. "Iazko baldintza berberetan entrenatzen jarraitzea nahi genuela esan genion familiari", zehaztu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Umeak albisteak Aniztasunari erantzuna Vitoria-Gasteizko kuadrilla albisteak