Gizartea -

Indarkeria matxista

Elkarretaratze jendetsua egin dute Barakaldon, azken sexu erasoa salatzeko

Emakumea migratzailea zen, eta lan eskaintza batengatik joan zen eraso zioten tabernara. Salatu dutenez, mota honetako iruzurrak erabiltzen dira "emakume migratzaileen kontrako sexu erasoak egiteko".

Azken sexu erasoa gaitzesteko bildu dira Barakaldon / Irudia: EITB.
Azken sexu erasoa gaitzesteko bildu dira Barakaldon / Irudia: EITB.
Azken sexu erasoa gaitzesteko bildu dira Barakaldon / Irudia: EITB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

200tik gora pertsonak ostiraleko sexu erasoa gaitzetsi dute Barakaldoko Herriko Plazan. Beurko Bagatza auzoko taberna batean izan zen erasoa.

Isiltasunean egin dute elkarretaratzea, ordu erdiz, "Erasorik ez erantzunik gabe" goiburua zuen pankarta baten atzean.

Amaia del Campo alkateak Barakaldon "mota honetako jarrerarik onartuko" ez dutenaren "ahobatezko oihua" helarazi du.

"Emakumeak kokoteraino gaude norbaitek, emakumeak izate hutsagatik, gu erasotzeko eskubidea duela usteaz", esan du Del Campok, eta adierazi du Barakaldok "biktima guztiei babesa emango diela", eta udalerriak "emakumeen aurkako indarkeria eta diskriminazio mota guztiak" arbuiatzen dituela.

Liz Quintana Argitan emakumeak aholkatzeko zentroaren bozeramaileak esan duenez, "Nikaraguako emakume bati" egindako sexu erasoa salatu nahi izan dute. Gizon bat atxilotuta dago, erasoarekin lotuta.

Esan duenez, "ez da kasu isolatu bat", baizik eta "adierazpide desberdinak dituen emakumeen aurkako indarkeriazko estruktura oso baten" parte.

Kasu horretan, biktima "paperik gabeko emakume migratzaile bat" izan da. Quintanak gogorarazi duenez, "antzeko egoera asko daude: emakume migratzaileak erasotzeko, ustezko lan eskaintzak baliatzen dituzte".

Eraso matxistak "etengabeko jarioan gertatzen dira", eta ez dira "kasualitatearen edo suerte txarraren ondorio", baizik eta "egiturazko indarkeriarena". Beraz, emakumeek "bigarren mailako" hiritarrak izateari utz diezaioten egituren aldaketa eskatu du.

____________________________________________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Gaurko albisteak Bizkaia Barakaldo Gizartea Matxismoa Sexu erasoak