Gizartea -
Indarkeria matxista
Emakume batek jasandako sexu erasoa gaitzetsi du Bilbok
Udalean ordezkaritza duten talde guztiek adierazpen instituzionala onartu dute, eta indarkeria matxistaren aurrean 'zero tolerantzia' aldarrikatu dute.
Agentzia | Erredakzioa
Bilboko Udalak gaitzespen oharra kaleratu du asteburuan hiriburuko taberna batean izandako sexu erasoa dela eta. Zornotzako emakume gazte batek salatu zuenez, gizon batek sexu erasoa egin zion Arbolantxa kaleko taberna batean. Horrelako erasoen aurrean, "zero tolerantzia eta inpunitatea" aldarrikatu du Udalak.
Erasoa larunbat goizaldean jazo zen. Udaltzaingoak gizon bat atxilotu zuen.
Udalean ordezkaritza duten talde guztiek adostutako adierazpen instituzionalean, erasoa "gaitzetsi eta salatu" dute, eta, horrez gain, biktimaren esku jarri dute Genero Indarkeriari aurre egiteko programan jasotako baliabideak.
Halaber, euskal gizarteari "erantzukizun indibidual eta kolektiboa" bere gain hartzeko eskatu diote. "Emakumeen kontrako indarkeria adierazpen ororen aurrean, denon konpromiso aktiboa behar da. Erasoak salatuz, ez onartuz, isiltasunik ez gordez eta babesa emanez. Bestela esanda, eraso matxisten aurrean gure erantzukizun indibidual eta kolektiboa hartuz", azpimarratu dute.
Eraso horren aurrean antolatuko diren gaitzespen elkarretaratze guztiekin bat egiten duela erantsi du Udalak.
-----------------------------------------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.