Gizartea -
Indarkeria matxista
Legioaren jarraitzaile batek 'La Manada'ko biktimaren datuak zabaldu zituen
Eric izengoitia erabili zuen 40 urteko gizonak. Ezkongabea da, eta aitarekin bizi da Bartzelonan. Espainiako Legioaren jarduera goratzeko hainbat adierazpen egin ditu Facebooken.
Agentziak | Erredakzioa
40 urteko gizon batek 'La Manada' biktimaren datu pertsonalak eta argazkia zabaldu zituen Interneteko zenbait forotan aurrenekoz, Madrilgo 38. epaitegiari igorri dioten txostenaren arabera.
Espainiako Poliziak gizona aurkitu du, baita erabilitako ordenagailua ere, El Periodico de Catalunya egunkariak aurreratu duenez.
Kataluniako hedabidearen arabera, Eric izengoitia erabili zuen 40 urteko gizonak. Ezkongabea da, eta aitarekin bizi da Bartzelonan. Espainiako Legioaren jarduera goratzeko hainbat adierazpen egin ditu Facebooken.
Madrilgo epaileak inhibitzea erabaki du auto batean, Bartzelonako epaitegi batek ikerketaren ardura har dezan.
'La Manada'ko biktimaren abokatuak salaketa aurkeztu zuen iragan maiatzean, Madrilgo epaitegian. Emakume gaztearen datu pertsonalak Interneten argitaratu ondoren, mehatxuak eta intimitatearen aurkako delituak salatu zituen abokatuak.
Nafarroako Auzitegiak sententzia argitara eman ondoren, orrialdeetako marjinatan Aseguru Egiaztapen Kodea aprobetxatu zuen gizonak filtrazioa egiteko; izan ere, Foru Administrazioko webgunean sartuta biktimaren nortasuna ezagutzeko aukera ematen zuen.
El Periodico-k jakitera eman duenez, biktimaren kontrako eraso informatikoa bi ordenagailutik egin zutela zehaztu zuen Poliziaren ikerketak, “horietako bat atzerriko zerbitzari batetik”, ondorioz, ezin izan zioten arduradunaren arrastoari jarraitu.
Besteari dagokionez, ordenagailua Bartzelonako Horta-Guinardo barrutian zegoela zehaztu zuen ikerketak. Hala ere, ordenagailua auziarekin zerikusirik ez zuen bikote batena zena egiaztatu zuen Poliziak.
Azkenean, bikotearen bizilagun batek wifi konexioa 'lapurtu' eta 'La Manada'ko biktimaren datu pertsonalak zabaltzeko erabili zuela ohartu ziren.