Gizartea -
Ezbeharra
Hiru zauritu, horietako bi erredurekin, Iruñeko etxebizitza batean izandako sutean
Sukaldeko ke-erauzgailua eta ondoko altzariak erre ditu suak. Dena dela, kalteak ez dira handiak izan, eta etxebizitza horretan bizi diren lagunek eurek itzali dute sua.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hiru lagun arin zauritu dira, horietako bi erredurekin, astelehen gauean Iruñeko etxebizitza batean izandako sutean.
Bart, 22:58an SOS Nafarroa larrialdi zerbitzuaren 112 telefonoak dei bat jaso zuen, Karlos III. Noblearen etorbidearen 32. zenbakian sutea piztu zela ohartarazteko. Cordovillako suhiltzaile-etxeko langileak berehala bertaratu ziren, baina horiek heldu zirenerako sutea itzalita zuten. Etxebizitza horretan bizi direnek lortu zuten ke-erauzgailua eta ondoko altzariak erre zituen sua itzaltzea.
Hain zuzen ere, 69 eta 66 urteko senar-emazteak eta horien 24 urteko alaba bizi dira bertan. Sutea jazo ostean, Nafarroako Ospitalera eraman zituzten hirurak. Gizonak lehen eta bigarren mailako erredurak zituen ezkerreko eskuan. Emakumeak, berriz, bigarren mailako erredurak zituen eskuetan, eta intoxikazio zantzuak zituen, kea arnasteagatik, baita haren alabak ere. Ospitalera eraman aurretik, ezbeharra gertatu zen lekuan artatu zituzten SOS Nafarroako sendagileek.
23:32an egin zuten alde suhiltzaileek, etxebizitza aireztatu eta karbono monoxidoaren maila normala zela ikusi ostean. Udaltzaingoa eta Polizia Nazionala ere bertaratu ziren, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez.