Gizartea -
manifestazioa
Gipuzkoako erraustegiaren kontrako 'mobilizazio jendetsua' deitu dute gaurko
17:00etan izango da, Donostian. Deialdi bateratua egin dute Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, GuraSOS elkarteak, gehiengo sindikalak, talde ekologistek eta beste hainbat gizarte eragilek.
EITB.EUS
Larunbat honetan, urriak 27, Zubietan (Gipuzkoa) eraikitzen ari den erraustegiaren kontrako "mobilizazio jendetsua" egiteko deia egin dute erraustegiaren kontrako taldek, Euskal Herriko gehiengo sindikalak, talde ekologistek eta beste hainbat gizarte eragilek.
Manifestazioa 17:00etan abiatuko da Donostiako Mendeurren plazatik, "Erraustegia gelditu" lemapean.
Zehazki, honakoak batu dira deialdira: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua, GuraSOS, GEIS/OEIT, ELA, LAB, CCOO, ENHE, ESK, STEILAS, HIRU, Eguzki, ERNAI, Gipuzkoa Zutik, Greenpeace eta "No +Precariedad" taldea.
Donostian egindako prentsaurreko bateratuan nabarmendu dutenez, talde bakoitzak erraustegiko lanak gelditzeko bere arrazoiak eman ditu: ingurumen, osasuna, jasangarritasuna, demokrazia... Dena dela, denek uste dute "gelditzeko oraindik garaiz" dabiltzala. Izan ere, gogorarazi dutenez, 2018an gutxienez 18 erraustegi itxi edo geratu dituzte atzerrian; Espainiako Estatuan, lau.