Gizartea -
Chenche operazioa
Hainbat atxilotu Bilbon, narkotrafikoaren aurkako nazioarteko operazio batean
Guardia Zibilak guztira hamar pertsona atxilotu ditu Bilbon eta Madrilen, eta 174 kilo kokaina atzeman ditu. Kolonbiak, AEBk eta Australiak ere operazioan parte hartu dute.
Agentzia | Erredakzioa
Guardia Zibilak hamar pertsona atxilotu ditu Bilbon eta Madrilen, eta 174 kilo kokaina atzeman ditu, Chenche operazioan, narkotrafikoaren eta dirua zuritzearen aurkako nazioarteko dispositibo batean; Kolonbiak, AEBk eta Australiak ere hartu dute parte.
Mundu-mailan, guztira 30 pertsona atxilotu eta 787 kilo kokaina atzeman dituzte. Eskudirutan 190.000 euro, suzko arma bat eta hamar ibilgailu ere atzeman dituzte, 20 miaketatik gora eginda.
Ohar batean, Guardia Zibilak azaldu duenez, Kolonbiako Poliziak, Australiako Polizia Federalak eta AEBk Madrilen eta Bogotan dituzten Segurtasun Nazionaleko Ikerketa Bulegoak parte hartu dute operazioan.
Guardia Zibilak nabarmendu du Calin "Tximu" ezizena duen gizon bat atxilotu dutela, eta nazioarteko indar polizialentzat "lehentasunezko helburua" zela, Kolonbian, AEBn, Australian eta Europako hainbat herrialdetan narkotrafikoaren aurkako ikerketetan agertzen zelako.
Espainian, maiatzean jarri zuten operazioa martxan; Kolonbiako agintariek Guardia Zibilaren laguntza eskatu zuten, hainbat kokaina bidalketa Espainiara egiten ari zirela ikertzeko.