Gizartea -
Nafarroa
36 urteko motor-gidari bat hil da Mendibilen, zirkulazio istripu batean
Istripuan 'scooter' bat eta kamioi bat nahasita izan dira. Bi ibilgailuek aurrez aurre talka egin dute. Motorrak su hartu du, eta motorzalea berehala hil egin da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Motor-gidari bat hil da gaur arratsaldean Mendibilen (Nafarroa), suhiltzaileek jakinarazi dutenez.
Ezbeharra N-121 errepidean jazo da. Bertan, zirkulazio istripua izan dute 'scooter' batek eta kamioi batek. Horren ondorioz, bi gurpildun ibilgailuaren gidaria hil da.
Suhiltzaileak eta Foruzaingoa bertaratu dira.
Hildakoa 36 urteko iruindar bat zen, Foruzaingoak zehaztu duenez. Hasiera batean, kamioia bazterbidean zegoela esan badute ere, bi ibilgailuek aurrez aurre talka egin dutela jakinarazi du Foruzaingoak ondoren.
Talkaren ondorioz, motorrak su hartu du, eta motorzalea berehala hil egin da.
Ezbeharrak errepidea ixtera behartu du, eta zirkulazioa Artaxoa eta Beatokiko bidegurutzetik desbideratu behar izan dute.